Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

Intzidentzia metatuak 1.000 kasuko langa gainditu du Araban, eta 1.500ekoa Gipuzkoan

ANE SANTESTEBAN | EITB Media

Gainera, Aretxabaleta eta Tolosa zerrendara gehituta, zortzi dira 2.000 kasu baino gehiagoko intzidentzia duten Gipuzkoako herriak. Gasteiz, berriz, 1.000 kasutara iritsi da, eta Amurrio gertu dago, 958 kasurekin.

  • Grafikoa: EITB Media.

    Grafikoa: EITB Media.

(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)

Intzidentziak ez du etenik eta gora bidean jarraitzen du. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera, 251 udalerritatik 233 udalerri dira, handi zein txiki, 150 kasu baino gehiagoko tasa dutenak (astelehenean baino 6 gehiago).

Bizkaiak jarraitzen du intzidentzia-tasarik txikiena izaten (711 kasu 100.000 biztanleko). Aurretik ditu Araba, 1.000 kasuren langa gaindituta eta Gipuzkoa, 1.521 intzidentzia metatuarekin. Azken honetan, gainera, Aretxabaleta eta Tolosa zerrendara gehituta, zortzi herri handi daude 2000 kasu baino gehiagoko intzidentziarekin.

Arabak eremu gorrian jarraitzen du, eta intzidentziak 100.000 biztanleko 1.000 kasu gainditu ditu dagoeneko (1.079 kasu), Gasteizen bezala (1.055 kasu). Amurrio gertu dago, 958 intzidentziarekin. 2 herri gehiagok egin dute bat transmisio handia duten udalerrien zerrendara, eta dagoeneko 46 dira.

Agurainek bere intzidentzia jaisten jarraitzen du, baina 2.279 intzidentzia metatua du oraindik. Udalerri txikien artean, Asparrena dago okerren, 4.826 kasuko intzidentzia-tasarekin.

Bizkaian ere gora egin du intzidentziak, nahiz eta hiruren artean intzidentzia txikiena duen lurraldea izan. 100.000 biztanleko 601 kasutik 711ra igo da, eta gune gorrian 102 herri daude, astelehenean baino lau gehiago.

Bilbon 271 positibo berri izan ziren atzo, eta 100.000 biztanleko 635 kasukoa da intzidentzia. Ermua eta Ondarroa dira oraindik ere eragin handiena duten herriak, biek ala biek 100.000 biztanleko 1.000 kasu baino gehiago baitituzte. Etxebarri da herri handien artean laranja kolorez ageri den udalerri bakarra.

Gipuzkoa da lurralde zigortuena, eta 100.000 biztanleko 1.500 kasu baino gehiagorekin. 5.000 biztanletik gorako herri guztiek eremu kritikoan jarraitzen dute.

Aretxabaleta eta Tolosa zerrendara gehituta, 5.000 biztanletik gorako 8 herrik gainditu dute dagoeneko 2000 intzidentzia-kasuen langa: Aretxabaleta (2.443), Arrasate (2.721), Azpeitia (2.660), Bergara (2.487), Deba (2.2145), Eskoriatza (3.022), Lazkao (2.973), Tolosa (2.170) eta Villabona (2.112). Eibarrek 2000tik jaistea lortu du.

Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.