Gizartea
IRUZURRA
Iberdrola ordezkatuz bankuko datuak lapurtzeko telefono bidezko iruzur batez ohartarazi dute
EITB Media
WhatsApp bidez zabaldu den mezu batean emakume batek dioenez, Iberdrolako komertziala zela zioen pertsona bat bere kontu korronteko datuak eskuratzen ahalegindu da, bono sozialaren aitzakian. Iberdrolak jakinarazi duenez, ez du bono sozialari lotutako kanpainarik martxan.
-
Eskuko telefono bat. Egile eskubiderik gabeko irudia
WhatsApp bidez zabaldu den audio batean emakume batek salatu duenez, Iberdrolako komertziala zela zioen pertsona bat bere kontu korronteko datuak eskuratzen ahalegindu da, bono sozialaren aitzakian.
Birala egin den grabazioko emakumearen testigantzaren arabera, "bonu sozialik ez zuela ikusita", telefonoaren beste aldean zegoen pertsonak eskaini zion "50 euro kontuan" jasotzea eta "urtebetez fakturan deskontua" izatea.
Emakumearen esanetan, ustezko iruzurgileak bankuko datuak eskatu zizkion. Eskaerari muzin egin eta deia eskegi egin zuen.
EiTB Media Iberdrolarekin harremanetan jarri da, eta konpainiak erantzun du ez dela "proaktiboa bonu sozialarekin", hau da, ez dela kanpaina bat egiten ari. Are gehiago, bonu sozialaren gaiari dagokionez, normalean erabiltzaileek eurek deitzen omen dute horri buruz galdetzeko.