Gizartea
Barne ikerketa
Cabacas auzian epaitutako bost ertzaini zabaldutako espedienteak artxibatu dituzte
Agentziak | EiTB Media
Barne ikerketa modu honetan bukatzea "etsigarria" eta "zantarra" dela uste du EH Bilduk. Erkorekaren hitzetan, dagoeneko bost ertzainak Ertzaintzako kide ez direlako artxibatu dute ikerketa.
-
Iñigo Cabacas gurasoek Erkorekaren agerraldia jarraitu dute alboko areto batean. Argazkia: EFE
Iñigo Cabacas auzian epaitutako sei ertzainetatik bosti zabaldutako diziplinazko espedienteak artxibatu dituzte, horien artean zigortu zuten ertzain bakarra dago. Gaztea 2012an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo ostean.
Dagoeneko bost agenteak Ertzaintzako kide ez direlako artxibatu dute ikerketa, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez. Erkorekak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, barne ikerketa modu honetan bukatzea "etsigarria" eta "zantarra" da.
Zur eta lur gaude: Erkorekaren ahotik entzun berri dugu Iñigo Cabacasen heriotzarekin lotutako edozein barne ikerketari ateak ixten dizkiola Jaurlaritzak.
— Julen Arzuaga Gumuzio (@julenaretakoa) December 15, 2021
Zergatik garbitu zituzten armak? Zergatik ezkutatzen dituzte frogak?
Iñigo Cabacas, inpunitate eskemaren adibide garbia. pic.twitter.com/rr5vXTotGh
Zabalik dagoen diziplinazko espediente bakarra Cabacas auzian absolbitutako bost ertzainetako batena da; izan ere, lanean jarraitzen duen auzipetutako ertzain bakarra da, Segurtasun sailburuak erantsi duenez.
Nahiz eta barne ikerketa zuzentzen ari diren funtzionarioen lana "oztopatu" nahi ez, ertzain horren jokabidean Ertzaintzako araudiaren urraketarik aurkitzea "oso zail" egiten zaiola azaldu du sailburuak. Nagusien "aginduak betetzera" mugatu zela azpimarratu du Erkorekak.
Iragan abendu amaieran Auzitegi Gorenak bi urteko espetxe-zigorra eta lau urteko inhabilitazioa berretsi zion Ertzaintzako buruzagiari, baina apirilean Bizkaiko Auzitegiak zigorra bertan behera utzi zuen, eta ez zen kartzelan sartu.
Esan bezala, sei ertzain epaitu zituzten, eta bat soilik zigortu zuten, dispositiboan maila gorena zuena, hain zuzen ere.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburua eta Josu Zubiaga sailburuordea agerraldian. Argazkia: EFE
Iñigo Cabacas 2021ko apirilaren 9an hil zen, lau egun lehenago Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jo ondoren, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean, Athleticen partida bat San Mamesen bukatu eta handik gutxira.
Epai irmoaren berri izan ondoren, Ertzaintzak barne ikerketari berriro heldu zion; izan ere, legeak eragozten du prozedura judizialean zehar aurrera eramatea. Barne ikerketa ixteko zorian dagoela aurreratu du sailburuak.
Ertzainen aurkako diziplinazko neurriak eskatu ditu Arzuagak. Zentzu horretan, Ertzaintzako buruzagi zigortuak baja eman zuela gogorarazi du Erkorekak. Beraz, jadanik funtzionarioa ez denez ezin zaio diziplinazko erantzukizunik eskatu, sailburuak gaineratu duenez.
Epaitutako gainerako bost ertzainei dagokionez, lau bajan daude lanerako ezintasunagatik. Aurrekoaren arrazoi berdina argudiatuta espedienteak artxibatu zaizkiela esan du sailburuak.
Erkorekak onartu duenez, egun hartan Ertzaintzak izandako jokabidea "inork" ez du bere osotasunean defendatu. Sailburuaren ahotan, "mundu guztia" ohartu zen, dagoeneko "hobetu diren" gauzak zuzendu behar zirela.
Gainera, 2013tik istiluen aurkako material hori ez da erabili, eta horrelako gertakari bat berriz ez errepikatzeko lan egin behar da, nabarmendu duenez.
EH Bilduko ordezkariak, ostera, azalpenak eta barne ikerketaren artxiboa deitoratu ditu, sententzia judizialaz gain Cabacasen familiak diziplinaren bidetik kalte-ordaina behar duelako.
Ze neurri hartu ditu Jaurlaritzak Iñigo Cabacasen heriotzaren ondoren?
— EH Bildu (@ehbildu) December 15, 2021
¿ @julenaretakoa: «Justizia penala ez da bide bakarra familiak eta gizarteak erreparazioa lortzeko. Segurtasun Sailak ardurak hartu behar ditu».
¿ Iñigo Cabacas, inpunitate eskemaren adibide garbia. pic.twitter.com/9gz8yA32Ma