Gizartea
KORONABIRUS
Covidaren aurkako neurriak betetzeko eskatu du Urkulluk, Gabonak baldintza hobeetan ospatu ahal izateko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bestalde, oposizioak salatu du Osakidetza "gainezka eginda" dagoela eta "baliabide gehiago" jartzeko eskatu diote EH Bilduk, Elkarrekin Podemos- EBk eta PP-Ciudadanosek Eusko Jaurlaritzari.
-
Iñigo Urkullu betiON-en ekitaldian. Argazkia: EFE
Covid-19aren prebentzio neurriak "zorroztasunez, konpromisoz eta arduraz" betetzeko eskatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, Gabonak "baldintza hobeetan ospatzeko". Hala, maskara erabiltzea, pilaketak saihestea eta txertoa jartzea direla "babesik onena" azpimarratu du.
Bilbao Exhibition Centren (BEC) izan den betiON telelaguntza zerbitzuaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian egin ditu adierazpenok eta bertan ziren adinekoei eskerrak eman dizkie "pandemia garai zail hauetan erakutsitako arduragatik eta ulermenagatik". "Erabaki oso zailak hartu behar izan ditugu, eta ez dugu argibide-libururik izan covid-19ak eragindako ustekabeko oztopo guztiak gainditzeko", adierazi du.
Adinekoek erakutsi duten "ardura eta konpromiso bera" eskatu dio euskal gizarteari, eta "maskara erabiltzea, distantzia mantentzea, jende pilaketak saihestea eta txertoa jartzea" eskatu du. Adineko pertsonei, berriz, euren familiei ere mezu hori emateko eskatu die.
"Asko dugu jokoan, Gabonak baldintza hobeetan ospatu nahi ditugu eta, horretarako, arauak zorroztasunez, konpromisoz eta arduraz bete behar ditugu", azpimarratu du.
Osakidetza "gainezka" dagoela eta "baliabide gehiago" behar dituela salatu eta aldarrikatu du oposizioak
EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs alderdietako ordezkariek Osakidetza "gainezka" dagoela salatu dute, eta "baliabide gehiago" eskatu dituzte, Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan, gaur goizean.
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, "seigarren olatuak harrapatu gaitu, berriro ere, eta lehen mailako arreta kaltetuta geratu da", eta duela gutxi "aztarnariak eta laborategiko langileak gutxitu" zirela salatu du. "Osakidetza ez dagoela gaindituta esatea errealitatetik kanpo egotea da" hausnartu du, "zergatik normalizatu da aztarnariek astebetean ez deitzea? Zergatik eteten dira aurrez aurreko kontsultak? Hori ez bada gaindituta egotea, azal dezatela", amaitu du.
Gauzak horrela, lehen mailako arreta eta aztarnari taldeak indartzearen alde egin dute oposizioko alderdiek.
Gobernuko alderdiek, berriz, egindako kudeaketa defendatu dute. EAJk planteamendu "apokaliptikoak" erabiltzea leporatu dio oposizioari, eta PSE-EEk baliabideak "pandemiaren une bakoitzera" egokitu behar direla adierazi du.