Gizartea
Koronabirusa
Osakidetzak asteartean zabalduko ditu 11-9 urtekoak txertatzeko hitzorduak
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Pfizerren 60.000 dosi pediatrikoak astelehenean jasoko dituzte eta asteazkenen hasiko dira ziztatzen. Guztira, 5-11 urteko 145.000 haur daude EAEn.
-
Osasun langile bat nerabe bat txertatzen. Argazkia: EFE
Osakidetzak astearte arratsaldean irekiko ditu 11, 10 eta 9 urteko haurrak covid-19aren kontra txertatzeko hitzorduak. Kanpaina biharamunean, asteazkenarekin, abiatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta nagusiki, erdibideko txertaketa puntuak erabiliko dira, salbuespen kasuetan, osasun zentroetan ere eman ahalko bada ere.
Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez, hitzordua hartzeko Osakidetzaren webgunea lehenetsi beharko da. Izan ere, telefono lineak libre utzi nahi ditu Osakidetzak osasun arreta emateko.
Dena dela, zita plataforma horren bidez hartzeko arazorik izanez gero, anbulatoriora deitu ahalko da (1 tekla sakatu), eta bertan zehaztuko zaio data eta lekua.
Hitzordua baieztatzearekin batera, bigarren dosia hartzeko eguna ere emango da (zortzi aste igarota).
Osakidetzak familiei gogorarazi dienez, adingabeak heldu batek lagunduta joan beharko dira txertaketa gunera.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, guztira 5-11 urteko 145.000 bat haur daude EAEn. Txertaketa kanpaina pixkanaka egingo da, adin nagusiena dutenekin hasi eta adin txikiena dutenekin bukatu; beraz, prestakinak hartzen lehenak 11 eta 9 urte bitarteko umeak izango dira, eta, apurka-apurka, dauden dosien arabera, adina jaisten joango da, harik eta bost urteko umeetara iritsi arte (beteta izan beharko dituzte).
Jaurlaritzak espero du astelehenean bertan jasotzea lehenengo sorta, 60.000 txerto, Pfizer markakoak. Helduei ematen zaien prestakinaz bestelakoa da umeei emango zaiena; izan ere, dosia txikiagoa da.
Osakidetzak zehaztu du, azkenik, oraingoz ez zaiela txertoa emango infekzio aktibo bat duten edo azken bi hiletan covid-19a izan duten adingabeei, hots, 5.600 pertsona ingururi.