Gizartea
Euri denboralea
Segurtasun Sailak adi jarraitzeko eskatu du, ibaiek gainezka egingo baitute egunean zehar ere
Agentziak | Eitb Media
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azpimarratu du, goizean giroa lasaixeago izanda ere, denboralea ez dela amaitu. Horren hitzetan, ibaiak oso hazita datozenez, "ez da hainbeste euri behar haiek gainezka egiteko".
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak deia egin du alerta eta tentsioa mantentzeko Euskal Autonomia Erkidegoa gogotik astintzen ari den euri denboralearen aurrean; izan ere, nahiz eta gaur goizean nolabaiteko "barealdia" izan, datozen 24 orduetan ibaiek gainezka egingo dutela aurreikusi dute.
10:00etan hasi du bilera Bilbon krisi-mahaiak, Erkoreka bera buru duela. Bilerara sartu aurretik, Erkorekak azpimarratu du denboralea ez dela amaitu, euri-jasa handiak ez direla amaitu, nahiz eta gaur goizeko prezipitazio-maila atzokoa eta aurreko egunetakoa baino nabarmen baxuagoa izan.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, arratsaldeko zazpietatik edo zortzietatik aurrera fronte berri bat sartuko da, eta 20-30 litro euri pila daitezke. Fronte horrek sei ordu inguru iraungo du, eta zaparradak ez dira atzokoak bezain indartsuak izango.
Hala ere, ibaiak dagoeneko oso hazita daudenez, "ez da hainbeste euri behar gainezka egiteko, eta, beraz, zaurgarriagoak dira".
"Punturik zailenetako bat" Zadorra ibaiaren ibilgua da. N-622 errepidea, A-1 errepidearekiko lotuneetan, Gasteizen, itxita dago bi norabideetan, ibaiak gainezka egin duelako, eta itxita dago AP-68 autobidea, Orozko parean, Gasteizerako noranzkoan. Hori dela eta, zirkulazioa BI-625etik bideratu dute autobideko errei bat ireki arte.
"Egoera kudeatzen saiatzen ari gara, baina atzoko prezipitazio bizi eta iraunkorrekin ur kantitatea izugarria da eta zaila da zenbaitetan hori kudeatzea", esan du Erkorekak.
Bart egoera "zaila" izan dela adierazi du, 250 gorabeheratik gora izan baitira euri denboralea dela eta, ur-putzuak eta lur-jausiak tartean, toki ugaritan.
Deba ibaiak gainezka egin du Gipuzkoan, eta, ondorioz, itxita daude Mendaroko Ospitalerako sarrera-irteerak, Mendaro herria bera ere isolatuta baitago. Suhiltzaileak laguntza ematen ari dira osasun-langileak eta -materialak ospitalera eramateko.
Erkorekak esan du ez saiatzeko ospitalera joaten, ezta hitzordua izanda ere, eta larrialdiren bat izanez gero, beste ospitale edo osasun zentro batera joateko dei egin du.