Itxi

Gizartea

Eguraldia

Aterrune luzeek atseden emango diete ibaiei, arratsaldeko frontea iritsi bitartean

O.P. | Eitb Media

Egunaren lehen orduetan eta egunaren amaieran botako du gehien. Tartean, baina, aurreko egunen aldean gutxi botako du eta horrek arnas pixka bat emango die erreka eta ibaiei.

  • Oria ibaia, Alegian. Argazkia: Jabier Landa.

    Oria ibaia, Alegian. Argazkia: Jabier Landa.

Euskalemetek iragarri duenez, gaur, osteguna, euria goizean eta egunaren azken orduetan egingo du batez ere. Goizean zehar aterruneak luzeagoak izango dira eta horrek atseden apur bat emango die erreka eta ibaiei eta espero da urak behera egitea. Haizea zakar ibiliko da ipar ekialdetik eta tenperaturak berdin mantenduko dira.

Hala ere, 19:00 eta 20:00 inguru horretarako beste fronte hotz bat espero da, eta baliteke beste 20-30 litro botatzea metro koadroko.

Hala ere, egunean zehar euri gutxiago egingo duenez, ibaietako egoera ez da bart eta gaur goizaldean bezain konplikatua izango.

Euritsuak iragarri ditu Euskalmetek ostirala eta larunbata, Kantauri Isurialdean bereziki.

Gaur 09:00etatik biharko 15:00etara, Bizkaian eta Gipuzkoan 80 l/m² baino gehiago pilatuko dira 24 orduan, eta  zenbait tokitan 100 l/m² 24 baino gehiago pilatu daitezke.

Araba iparraldean 40 l/m² baino gehiago pilatu daitezke 24 orduan, eta Araba hegoaldean, bestalde, 20 l/m² baino gehiago pilatu daitezke 24 orduan.

Prezipitazio ugariak eta pilatutako elurraren zati bat urtzeak uholdeak areagotuko ditu.

Gipuzkoan bota du euri gehien gauean eta, horregatik, oraindik ere gora egiten jarraitzen dute erreka eta ibaiek lurralde horretan.

Araban ere Zadorra arrotik aterata dago puntu askotan eta kezka eragiten du. Oraindik arreta gune eta arazo asko dauden arren, Bizkaian lasaitzen ari da egoera, eta oro har, behera egiten ari dira apur bat han erreka eta ibaietako arroak.

Nafarroan eta Iparraldean uholdeak nonahi, ibai asko daude tokitik aterata.