Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

Arrasaten eta Eibarren, 2.000 kasutik gorako intzidentzia; Azpeitian, Ondarroan eta Agurainen, 3.000 ingurukoa

ANE SANTESTEBAN | EITB Media

Gipuzkoak jarraitzen du lurralde zigortuena izaten, eta aipagarria da Debagoieneko kasua; izan ere, azken egunotan eskualde horretako hainbat herritan positibo asko atzeman dituzte, Aretxabaletan, Bergaran eta Eskoriatzan, besteak beste.

  • Grafikoa: EITB Media.

    Grafikoa: EITB Media.

(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)

Intzidentzia gora eta gora doa Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera. 251 udalerritatik 220 udalerri dira, handi zein txiki, 150 kasu baino gehiagoko tasa dutenak (astelehenean baino 7 gehiago).

Gipuzkoak dagoeneko gainditu du 100.000 biztanleko 1.200 kasuko intzidentzia metatua. Araban, 6 udalerri gehiago batu dira eremu gorrira, Bizkaian 5, eta Gipuzkoan bi atera eta beste bi sartu dira. Horietan guztietan erabaki beharko dute osasun-arloko prebentzio-neurriak zaindu ezin diren jarduerekin aurrera jarraituko duten edo bertan behera utziko dituzten.

Arabak gorri jarraitzen du, eta intzidentziak nabarmen egin du gora: 807 kasu daude 100.000 biztanleko. 6 herri gehiago sartu dira transmisio handia duten udalerrien zerrendan, eta 41 dira dagoeneko. Agurain da nabarmentzekoa 2.870 kasuko intzidentzia baitu. Udalerri txikien artean, Asparrenak 3.341 kasuko intzidentzia du.

Gasteizen ere gora egin dute kasuek, 100.000 biztanleko 808 kasuko intzidentzia baitute (ostegunean 717 kasukoa zuten).

Bizkaian, intzidentziak pixka bat egin du gora, 100.000 biztanleko 432 kasutik 488ra, eta guztira 98 herri daude eremu gorrian, 5 herri gehiago sartu baitira.

Bilbon, 162 positibo berri izan ziren atzo, eta 376 kasukoa da gaur intzidentzia; Ermuan 1.500 kasu inguruko intzidentzia dute, eta Ondarroan, berriz, ia 2.000koa.

Gipuzkoan, 1.244koa da intzidentzia-tasa (1.177koa zen astelehenean), eta eremu gorrian jarraitzen du. 5.000 biztanletik gorako hogei udalerri baino gehiago daude oraindik eremu kritikoan.

Debagoiena da aipatzekoa, azken egunotan nabarmen egin baitute gora kutsatzeek Eskoriatzan, Bergaran, Aretxabaletan eta Arrasaten. Azken horretan eta Eibarren 2.000 kasuko langa gainditu dute, eta Azpeitiak ia 3.000 kasuko intzidentzia du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.