Gizartea
Koronabirusa
Pfizerren txertoaren babesa txikiagoa da omikron aldaerarako, ikerketa baten arabera
Agentziak | Erredakzioa
Hegoafrikan egindako ikerketa txiki baten atariko emaitzen arabera, bi dosiren babesa ez da guztiz desagertzen, txertatutakoek "immunitate handia mantentzen dute" eta.
-
Pfizer-Biontechen txertoa. Argazkia: EFE
Pfizerren txertoaren bi dosiren babesa apur bat txikiagoa da omikron aldaeraren aurreran, baina ez da guztiz desagertzen, Hegoafrikan egindako ikerketa txiki baten atariko emaitzen arabera. Edozein kasutan, 12 pertsonaren datuak aztertuta egindako ikerketaren arabera, txertatutakoak zein lehenik kutsatutakoak babestuago daude.
Afrikako Osasun Ikerketaren Institutuak (AHRI, ingelesez) egin du ikerketa, eta oraindik komunitate zientifikoak berrikusi behar du.
Hegoafrikako laborategiak argi adierazten duenez, "SARS-COV-2ren omikron aldaerak Pfizer-BioNTechen txertoak (Comirnaty) sortutako antigorputzen immunitateari ihes egiten dio, baina txertatutako pertsonek zein aurretik kutsatutakoek babes handia dute", esan du ikerketa zentroak.
Willem Hanekom AHRIko zuzendari exekutiboak azaldu duenez, espero daitekeen ondorio nagusia egungo formulek omikron aldaeraren aurrean babes urriagoa eskaintzen duela izan arren, "txertoetan adituak bat datoz txertoak gaixotasun larriak eta heriotzak saihesteko eraginkorrak direla esaterakoan".
Datu hauek ez dira nahikoak aldaera berriaren aurrean txertoek duten eraginkortasuna zehazteko, baina jatorrizko koronabirusaren aldean, babesaren jaitsiera 41 aldiz handiagoa da omikronen kasuan.
Alex Sigal ikerketan parte hartu duen kideetako batek sare sozialen bidez zehaztu du, omikronen kasuan, azterketako datuak espero zirenak baino "hobeak" direla, birusaren mutazio ugariak kontutan hartuta.
"Genomari erreparatuta, okerragoa izango zela uste nuen. Kantitate kontua dela dirudi batez ere: zenbat eta antigorputz gehiago, hobe", esan du Sigalek Twitterren.
Farmazia konpainiaren ikerketak
Bestalde, Albert Bourla Pfizer etxeko zuzendari exekutiboak adierazi duenez, koronabirusaren omikron aldaerak eragindako sintomek arinagoak dirudite, baina, beste aldaerak baino azkarrago transmititzen dela ohartarazi du.
Bourlak azaldu duenez, euren txertoak aldaera honen gainean eskaintzen duen babesa ikertzen ari da eta datozen asteetan informazio gehiago izatea espero du.