Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Osakidetzak protokoloa aldatu du: Positibo batekin harreman estua izan dutenek SMSa jasoko dute proba egiteko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Aurrerantzean, positibo batekin harreman estua izan duten pertsonek Osakidetzaren SMS mezua jasoko dute, covid-19aren proba egiteko hitzorduarekin. Orain arte telefonoz deitzen zuten.

1:17
Osakidetzako aztarnariak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Osakidetzak covid-19aren protokoloa aldatu du eta aurrerantzean sakelako telefonora SMS mezua bidalita jarriko dira harremanetan positibo batekin harreman estua izan duten pertsonekin, telefonoz deitu beharrean.

Kutsatzeen kopurua etengabe doa goraka eta aztarnariak lanez gainezka daude. Lan zama hori arintzeko eta birusaren transmisioa ahalik eta azkarren mozteko asmoz, kasu susmagarriekin harremanetan jartzeko modua aldatzea erabaki du Osakidetzak.

Horrela, bada, aurrerantzean, positibo batekin harreman estua izan duten pertsonei ez zaie telefonoz deituko: sakelako telefonoan SMS mezua jasoko dute osasun zentroan covid-19aren proba egiteko hitzorduarekin.

Txertoaren pauta osoa hartuta dutenek edo azken 180 egunetan koronabirusa igaro dutenek ez dute koarentenarik egin beharko. Hori bai, prebentzio neurriak zorroztu beharko dituzte eta, sintomarik izanez gero, beren osasun zentrora deitu beharko dute berehala.

Txertatu gabeko pertsonek berrogeialdia egin beharko dute, proban negatibo ematen badute ere. Halaber, zortzi egunen buruan beste test bat egingo zaie eta, kasu horretan ere, hitzordua SMS bidez jasoko dute.

Bestalde, positibo batekin harreman estua izan dutenak adingabeak edo pertsona zaurgarriak baldin badira, aztarnariak telefonoz jarriko dira haiekin harremanetan.