Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Premiazkoak ez diren kontsulta batzuk atzeratu egingo ditu Osakidetzak ospitaleetako presioa dela eta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jada aurreratu du hurrengo egunetan neurriak zorrozteko eskatuko diola LABIren Aholku Batzordeari. Gainera, gaixotasun kroniko zenbaiten jarraipen kontsultak bertan behera geratuko direla azaldu du.

  • Gotzone Sagardui Osasun sailburua

    Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Irudia: EFE

Egoera epidemiologikoak okerrera egiten jarraitzen du, eta, ondorioz, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu du gaixotasun kroniko zenbaiten jarraipen kontsultak bertan behera geratuko direla.

Hala, hemendik aurrera osasun-arazo akutuak "lehenetsi" egingo direla iragarri du, arnas infekzioak eta sukarra, sintromaren kontrola eta koronabirusa duten gaixoen arreta, esaterako.

Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, Sagarduik esan du Osakidetzak atzeratu egingo dituela Lehen Mailako Arretako kontsulta batzuk, "larrialdi berezirik ez dutenak", besteak beste, gaixotasun kronikoak (bihotzeko urritasunak edo bronkitis kronikoak) dituzten pazienteen jarraipena egiteko hitzorduak.

Jarraipena egiteko kontsultaren bat eteten bada, Osakidetza harremanetan jarriko da gaixoarekin, sailburuaren arabera. Hori dela eta, hitzordua mantentzen den galdetzeko ez deitzeko eskatu du. "Osakidetzak kontrakoa esan arte, joan kontsultara", berretsi du.

Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, Sagarduik ohartarazi du Euskadi "birusaren hedapen une txarrenetako batean" dagoela, "harreman pertsonalak sarrien eta gogorren agertzen diren egunen bezperan", hau da, Gabonen atarian. Hori dela eta, Osasun Saila prebentzio neurri berriak aztertzen ari dela esan du.

Azken egunean, 1.251 positibo berri zenbatu dira Euskadin, 74 gaixo daude ZIUetan eta azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 745,96 kasukoa da.

Horren aurrean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreratu du datozen egunetan neurriak zorrozteko eskatuko diola LABIren Aholku Batzordeari.

5 eta 11 urte bitarteko haurren txertaketa

Osasun sailburuak iragarri duenez, EAEn adingabeen txertaketa abenduaren 15ean hasiko da. 11 urtekoekin hasi eta hortik adinean jaisten joango dira, eskura dauden txerto kopuruaren arabera. Zenbait kontu zehaztea falta da oraindik, dosien arteko tartea eta ikastetxeetan bertan txertatuko ote den, besteak beste.

Sagarduiren arabera, Osasun Batzordearen akordioaren xehetasunak eta EAEk jasoko duen dosi kopuru zehatza jakin ondoren emango du txertoa ezartzeko estrategiaren berri.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.