Gizartea
eguraldia
Eusko Jaurlaritzak alerta fasean kokatu du uholde arriskuagatik aktibatutako plana
EITB Media
Osteguneko 09:00ak eta ostiraleko 15:00ak bitartean, EAE alerta laranjan egongo da, prezipitazio handiak espero baitira.
-
Gasteizen elurra egin du, eta zuri geratu dira kaleak. Argazkia: EFE.
Eusko Jaurlaritzak asteazken gauean jakinarazi du EAEko Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu duela uholde-arriskuaren aurrean, ibaien oraingo egoera eta datozen orduotarako aurreikusten diren prezipitazio iraunkorrak kontuan hartuta. Osteguneko 09:00ak eta ostiraleko 15:00ak bitartean, EAE alerta laranjan izango da, euriagatik.
Jarraitu denboralea zuzenean, hemen.
Alerta-fase hori, Jaurlaritzak zehaztu duenez, "adierazi ez diren baina gerta daitezkeen larrialdiak aurreikusten direnean aktibatzen da, hau da, egoera ikusita, eta egoera horrek okerrera egiten badu, larrialdi hori gerta daitekeela ikusten denean". Fase horrek, besteak beste, egoeraren etengabeko jarraipena egitea dakar.
Halaber, ibai-arroen eta Zadorrako sistemako urtegien (Uribarri-Ganboa, Urrunaga eta Bostibaieta) egoeraren etengabeko jarraipena egiten ari dira.
Elurra eta euria
Eusko Jaurlaritzak meteorologia-abisu batzuk ditu indarrean, denboralearen bilakaera ikusita. Hain zuzen ere, osteguneko 09:00ak arte, indarrean izango da abisu horia elurragatik; 600-700 metrora egingo duela iragarri dute, baina pixka bat beherago ere ari da botatzen, Gasteizen kasu. Arabako hiriburua zuriz jantzi da asteazkeneko azken orduetan.
Aurreikuspenen arabera, elur-mailak nabarmen egingo du gora goizetik aurrera, baina euriak sortuko du orduan kezka handiena; izan ere, osteguneko 09:00etatik ostiraleko 15:00etara, alerta laranja izango da indarrean, prezipitazio handiak esparo baitira.
Testuinguru horretan, Bilboko Udalak gomendatu du autorik ez aparkatzea uholdeak egon litezkeen guneetan, eta ez du baztertzen Itsasadarrak gainezka egitea hirian. Hortaz, adi izango da, gerta litekeen edozer gertakariri aurre egiteko.
Udalak ohiko prebentziozko neurriak hartzeko eskatu die herritarrei; ahal izanez gero, errepide bidezko joan-etorriak saihesteko, besteak beste. Hori bai, autoa erabili behar izatekotan, kontu handiz egiteko eskatu du, batez ere toki zabalak, lurpeko pasabideak eta urak harrapatzeko arriskua duten eremuak zeharkatu behar izanez gero.
Gainera, urak hartu dituen espaloi eta errepideetatik ez ibiltzeko eskatu du, erortzeko arriskua dagoelako, eta luiziak izateko arriskua dagoen tokietan kontuz ibiltzeko.
Gainera, osteguneko 07:00etatik 09:00etara, abisu horia izango da kostaldean, olatu handiak egongo baitira; hain zuzen, olaturik handienen batez besteko altuera 3,5-4 metrokoa izango da ordu horietan. Halaber, ostegunean eta ostiralean, abisu horia izango da lehenengo bi milietan, nabigaziorako.
Une oro eguraldiari buruzko informazio eguneratua kontsultatzeko eta zure argazkiak bidaltzeko aukera duzu eitb.eus-en.