Itxi

Gizartea

Koronabirusa

EAEn azken astean jarritako dosien % 95 errefortzuzkoak izan dira

EITB MEDIA

60 urtetik gorakoak eta osasun langileak txertatzen ari da orain Osakidetza. Bestalde, 20-29 eta 30-39 urtekoen artean apur bat gora egin du babestuen kopuruak, baina goiz da esateko covid ziurtagiriak bultzatu ote dituen.

1:23
Txertaketaren inguruko datuak

Osakidetza duela astebete hasi zen 60 urtetik gorakoei eta osasun langileei covid-19aren kontrako hirugarren dosia ematen, eta dagoeneko talde horretako 70.000 herritarrek baino gehiagok jarri dute, Osasun Sailak gaur eguneratutako txertaketa buletinaren arabera. Osasun profesionalen artean erdiek hartu dute oroimenezko dosia. Ostegunetik 63.328 prestakin jarri ditu Osakidetzak, eta % 95, 60.274, hirugarren dosiak izan dira.

Txertaketa prozesuan atzeratuenak 20-29 urtekoak eta 30-39 urtekoak dira. Beste adin tarte guztietan biztanleriaren % 90etik gora du pauta osoa, baina tarte horietakoen artean % 80ra jaisten da babestutakoen portzentajea. Hori bai, badirudi covid ziurtagiria eskatzen hasi izanak baduela eragina, txikia bada ere.

Hala nola, azaroaren 15etik aurrera, 20 eta 29 urte bitarteko gazteen artean 2.600 lagun baino gehiago animatu dira inokulatzera, eta hurrengo hamarkadan (30-39 urte) 2.000 pasatxo izan dira. Dena dela, oraindik goiz da esateko ziurtagiriak bultzatuta egin ote duten.

20-29 urtekoen artean, pauta osoa dutenak % 80,2 dira, ostegunean baino hiru hamarren gehiago. 30 eta 39 urte bitartean dituztenen artean ere gutxi igo da portzentajea, % 83,5era helduta.

Gazteenen artean (12-14 urte), % 88,7k bi txertoak jaso dituzte, eta 16 eta 19 urte bitartekoen artean, % 88,6

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.