Itxi

Gizartea

Nafarroa

Nafarroak batzorde batekin ikertuko ditu haur lapurtuen kasuak

Erredakzioa

Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkarteak nabarmendu duenez, elkarte horretako 5 pertsona adoptatu euren guraso biologikoak bilatzen ari dira, eta 26 senide, euren haurren inguruko "egia" bilatzen.

  • Haur lapurtuak. Argazkia: EITB

    Haur lapurtuak. Argazkia: EITB

Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkarteak Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzorde bat sortzea eskatu du, 50eko eta 80ko hamarkaden artean Foru Erkidegoan izandako balizko haur lapurtuen kasuak "argitzeko" asmoz; izan ere, elkarteak jasota dituen 31 kasuez gain, ehun bat familiak horri buruzko informazioa eskatu dute ospitaleetan eta erregistro zibilean.

Elkartea Legebiltzarreko Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Batzordearen lan saioan izan da, bere helburuak azaltzen.

Elkarte horretako idazkariak, Cristobalina Moralek, azaldu duenez, elkarteak "2012ko otsailaren 21ean 31 bazkide zituen, bost pertsona adoptatu euren guraso biologikoak bilatzen ari dira eta 26 senidek euren haurren inguruko egia jakin nahi dute". Halaber, "ehun familiak abortuen paper-sortak eskatu dituzte", adierazi du; beraz, "elkartean 31 familia bakarrik egon arren, beste familia askok zalantzak dituzte eta ikertzen ari dira", azpimarratu du.

Elkartearen ikerketa lanaren inguruan azpimarratu dutenaren arabera, "erregistro zibilean, ospitaleetan eta hilerrian bertan arazoak izaten ari dira dokumentazioa biltzeko".