Gizartea
Koronabirusa
ZIUetan gaixo bat gehiago eta 564 positibo berri zenbatu dituzte Nafarroan
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Sei pertsona ospitaleratu dituzte, eta horrenbestez, 87 dira erietxeratutakoak, horietako 14, ZIUetan.
-
Nafarroako Ospitale Guneko ZIU bat. Argazkia: EFE
Azken bost hilabeteetan atzemandako kutsatze kopuru altuena zenbatu dute asteazken honetan Nafarroan, 564 kasu berri, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Ospitaleetan, sei gaixo gehiago hartu dtuzte, horietako bat ZIUn (14 dira, jada).
4.189 proba diagnostiko egin ostean, horien % 13,5ek eman dute positibo. Positibotasun tasa ia lau puntu igo da, bezperakoarekin alderatuta.
Aurreko egunean baino 155 positibo gehiago dira, eta duela astebete baino 224 gehiago. Gainera, duela 14 eguneko datuekin alderatuta, 296 gehiago dira. Uztailaren erdialdera, gazteriaren artean izandako agerraldi betera, jo behar dugu datu okerragoak topatzeko.
Positiboak erietxeetara heltzen jarraitzen dute, eta 87 daude jada Osasunbideko ospitaleetan (asteartean baino bat gutxiago), eta 14 zainketa intentsiboetako unitateetan (asteartean bezainbeste). Zorionez, ez da inor hil.
Udalerriei edo osasun eremuei erreparatuta, Iruñeko Arrotxapean zenbatu dituzte positibo gehien: 29. Ondoren, Iruñeko II. Zabalgunea eta Berriozar ageri dira, 22na kutsatzerekin.
21 positibo adinekoen egoitzetan
Bestalde, Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak jakinarazi duenez, adinekoen egoitzatan 21 kasu atzeman dituzte, eta 18, berriz, desgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroetan.
Maezturen arabera, sei gaixo zentroan bertan dituzte, zazpi asintomatikoak dira, eta beste zazpi bitarteko baliabideetan dituzte. "Ospitalean ez dago bakar bat ere", gaineratu du.
Bestalde, adineko zentroetan kasuak ugaritu direla ikusita, eta Chivitek iragarritako asmoa (zentroetan ere ziurtagiria eskatzeko asmoa) zein den kontuan hartuta, Maeztuk esan du neurriak hartu dituztela dagoeneko: "Zentroetara sartzeko bi salbuespen daude: txertatuta ez daudenak ezin dira barrualdera sartu eta propio prestatutako guneetan egon behar dute. Intzidentzia handia dagoenen lekuetan ere, bisiten sarbidea mugatu dugu".