Gizartea
Koronabirusa
15 ospitaleratze berri eta 408 positibo zenbatu dituzte Nafarroan egun bakarrean
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Horrez gain, beste bi pertsona eraman dituzte ZIUra, eta horrenbestez, 14 dira dagoeneko gaixo kritikoak. Izurriak okerrera egin duela eta, Hezkuntza Departamentuak ikasturte amaierara arte luzatu du jardunaldi trinkoa.
Egunetik egunera, okerrera egiten ari dira koronabirusaren adierazleak Nafarroan. Astearte honetan 408 positibo berri atzeman dituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Bezperan baino 119 kasu gehiago dira, eta duela astebete baino 89 gehiago. Are, duela 14 eguneko datuekin alderatuz gero, halako bi baino gehiago dira (174 kutsatze izan ziren orduko hartan).
4.090 proba diagnostiko eginda, horietako % 10 izan dira positibo.
Kasu horiek erietxera heltzen jarraitzen dute, eta atzoko egunean bakarrik, 15 ospitaleratze berri izan ziren, horietako bi ZIUetan. Hala, gaur-gaurkoz 88 pertsona daude Osasunbideko ospitaleetan, eta horietatik 14k zainketa intentsiboak behar dituzte.
Udalerri edo osasun guneka, Zizur Nagusian eta Iruñeko II. Zabalgunean hauteman dituzte kasu gehien, 21, hain justu. Iruñeko Alde Zaharrean 17 kutsatze zenbatu dituzte eta Berriozarren, 16. Barañainen eta Burlatan 13na positibo atzeman dituzte.
Txertaketari dagokionez, astearte honetan 2.823 dosi ziztatu dituzte. Dagoeneko 530.572 nafarrek dute koronabirusaren kontrako pauta osoa.
Kalean ere maskara erabiltzeko deia egin du Gobernuak
Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak aire librean ere musukoa erabiltzeko deia egin du; "bereziki gomendagarria da garai hauetan, jendetza dabilelako kalean eta pilaketa handiak egoten direlako", erantsi du.
Artundok esan du osasun arduradunek abenduko zubiaren ostean aztertuko dutela egoera epidemiologikoa: "Oso serio berraztertu beharko dugu egoera, eta horren arabera neurriak hartu".
Jardunaldi trinkoa eskoletan
Ospitaleetan ez ezik, ikastetxeetan ere okerrera egin du pandemiak Nafarroan. Gora egin dute itxitako ikasgelek eta positibo eman dute haurrek. Horren aurrean, irailean ezarritako jardunaldi trinkoa ikasturte osoan mantentzea erabaki du Hezkuntza Departamentuak.
Era berean, gutuna bidali diete ikastetxe guztietara Gabonetarako ekitaldirik antolatu ez daitezen eskatuz.