Gizartea
KORONABIRUSA
Lehendakariak ostiral honetan osasun larrialdia aktibatzea eta LABI deitzea espero du
N. B. | EITB MEDIA
Auzitegi Gorenak covid pasaporteari buruz emandako epaia "sakon" ezagutu arte itxarongo du Urkulluk, osasun larrialdia deklaratu ondoren hartu beharreko neurriak erabakitzeko.
Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan osasun larrialdia aktibatzea eta Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea deitzea espero duela esan du.
Hala ere, LABIren bilera ez du zertan ostiralean derrigorrez izan, covid agiriaren harira Auzitegi Gorenak emango duen ebazpenaren zain baitaude hartu beharreko neurriak hartzeko.
"Nolanahi ere, nik, lehendakari naizen aldetik, nik deitu dut LABIren bilera, eta ohartarazi dut (bilera) ostiralean izan zitekeela, baina ez da behin betikoa ostiralean izango denik", esan du.
Zehaztu duenez, bere asmoa ez da soilik "komunikabideen bidez" ezagutu dena ebaluatzea. "Sakon jakin nahi ditut epaian egon daitezkeen salbuespenak eta aurrerantzean har ditzakegun neurriak", azaldu du.
Ebazpena jaso bezain laster indarrean sartuko da covid pasaportea eta osasun larrialdi egoera ezarriko dute Euskadin. Zer neurri eta noiz sartuko liratekeen indarrean hori LABiren bileran erabakiko dute
Eusko Jaurlaritzak astearte honetan iragarri zuenez, osasun larrialdia "lehenbailehen" deklaratuko du berriro, Auzitegi Gorenak Euskadin covid pasaportea eskatzeko aukera bermatzen duela jakin ostean.
Osasun larrialdia deklaratzearen helburua da pandemiaren aurkako legea eta lege horrek ezartzen dituen murrizketak berriro aktibatu ahal izatea.
Arau horri esker, aurreko osasun larrialdian (urriaren 7an amaitu zen) edukiera mugatu ahal izan zen ostalaritzan, merkataritzan eta kultura-ekitaldietan, tabernetan barran kontsumitzea eragotzi zen eta mahai bakoitzeko pertsona-kopurua mugatu zen lokal horietan, besteak beste.
Hala ere, ezin izango da oinarrizko eskubideak mugatzen dituen neurririk hartu, hala nola mugikortasuna, eta horrek eragotziko luke itxera perimetralak dekretatzea edo etxeratze-aginduak ezartzea.
Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak martxan jarriko diren neurriak erabaki ostean, dekretu bat argitaratuko dute, murrizketa horiek indarrean zein datatik aurrera sartuko diren zehazteko.