Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Txertoak omikron aldaerara egokitzeko hiruzpalau hilabete beharko lituzkete

Agentziak | EiTB Media

Emer Cooke Sendagaien Europako Agentziako zuzendariak zuhurtzia eskatu du; izan ere, oraindik andui berriaren osagai asko ezagutzea falta da, txertoak egokitzea beharrezkoa izango den erabakitzeko.

  • Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EFE

    Covid-19aren aurkako txertoa. Argazkia: EFE

Emer Cooke Sendagaien Europako Agentziako (EMA) zuzendariak azaldu duenez, beharrezkoa balitz, txertoak omikron aldaera berrira azkar egokitzeko egitasmoak prest ditu agentziak. Horrela, prozesua burutzeko hiru eta lau hilabete artean beharko dituztela aurreratu du.

Europako Parlamentuan hitza hartu du Cookek. Sendagaien Europako Agentziako zuzendariak zuhurtzia eskatu du; izan ere, oraindik andui berriaren osagai asko ezagutzea falta da, txertoak egokitzea beharrezkoa izango den erabakitzeko.

"Ez dakigu oraindik beharrezkoa izango den, baina kontingentzia planak prest ditugu. Arautzaileekin elkarlanean ari gara onena espero dugulako, baina okerrena gertatzen bada ere prest gaude", adierazi du EMAko arduradunak.

Europan dauden anduien aurka txertoek eraginkor izaten jarraitzen dutela azpimarratu du Cookek une oro. "Birusa mutatzen ari dela badakigu, eta ikuspegia aldatzeko unea helduko da", onartu du. Hirugarren dosia jasotzearen garrantzia berretsi du zuzendariak.

Erabakia hartzen den unetik "hiruzpalau hilabete" beharrezkoak lirateke txertoak egokitzeko, Cookek erantsi duenez. Hala ere, lehenengo Europako egoera epidemiologikoa, aldaeren zirkulazio maila eta Europako biztanleriaren faktoreak, hala nola, adina eta txertaketa, aztertu beharko lirateke.

"Ez dakigu oraindik beharrezkoa izango den, baina kontingentzia planak prest ditugu"

Zuzendariaren esanetan, Europako eta Hegoafrikako egoerak ezberdinak dira, Europan txertaketa zabalduagoa dagoelako, "eta hirugarren dosia gomendatzeko fasean gaude dagoeneko". Europan omikron anduiaren zirkulazioan "eragin dezaketen faktoreak" dira, nabarmendu du.

Bestalde, "oso tasa txikia eta arriskutsua duten herrialdeetan" txertaketa hedatzearen beharra berretsi du Cookek. "Omikron aldaeraren inguruan zenbat eta gehiago jakin, garrantzitsuagoa da", ohartarazi du.

Hala ere, denborarekin txertoek eraginkortasuna galtzen dutela onartu du Cookek. Horregatik, hirugarren dosiaren txertaketa abiatzea "oso garrantzitsua" dela uste du arduradunak, baita umeen txertaketa ere, iragan astean Pfizer 5-11 adin tartean erabiltzeko baimena eman ondoren.

Gainera, "aste honen amaieran bertan" mix & match estrategiaren inguruko gomendio zientifikoa prest izatea espero du EMAk, txerto ezberdinen konbinazioa, alegia.

"Iragan neguan baino tresna askoz gehiago ditugu orain pandemiari aurre egiteko", adierazi du Cookek, baina txertoak "erabakigarriak dira eta izango dira" lan horretan, ohartarazi duenez.