Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Madrilek omikron aldaeraren lehen positiboa baieztatu du Espainian

Agentziak | EiTB Media

51 urteko gizon bat da, Hegoafrikatik itzuli zen azaroaren 28an, Amsterdamen (Herbehereak) geldialdia egin ondoren. Pazienteak sintoma arinak ditu, eta koarentena egiten bakarturik dago.

  • EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

    EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Madrilgo erkidegoak covid-19 omikron aldaeraren lehen positiboa baieztatu du astelehen honetan. Espainian ere aurreneko kasua da.

B.1.1.529 aldaera kutsakorragoa dela uste dute adituek, azaroaren 22an identifikatu zuten aurrenekoz Hegoafrikan, eta dagoeneko Europara iritsi da, Belgikara edo Herbehereetara esaterako, baita Hong Kongera edo Israelera ere.

51 urteko gizon bat da, Hegoafrikatik itzuli zen azaroaren 28an, Amsterdamen (Herbehereak) geldialdia egin ondoren. Adolfo Suarez Madrid-Barajas aireportuan egindako baheketan antigeno proba baten bidez antzeman zuten.

Pazienteak sintoma arinak ditu, eta koarentena egiten bakarturik dago. Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusia harreman estuak aztertzen ari da, hau da, Madrilen lur hartu zuen hegaldiko bidaiariak.

Gregorio Marañon Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuak astelehen honetan baieztatu du positiboa sekuentziazio bidez.

Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Europako Zentroak (ECDC) covid-19 omikron aldaeraren 33 kasu baieztatu ditu oraingoz Europako zortzi herrialdetan, konkretuki, Alemania, Austria, Belgika, Txekiar Errepublika, Danimarka, Italia, Herbehereak eta Portugalen.

Bestalde, ECDCko txostenak Europatik at positiboak zenbatu ditu beste zazpi herrialdetan: Australia, Botswana, Kanada, Hong Kong, Israel, Hegoafrika eta Erresuma Batua.

Kontrolak Barajasen

Enrique Ruiz Escudero Madrilgo Osasun kontseilariak Barajaseko aireportuan kontrolak ezartzea eskatu du astelehen honetan, omikron aldaerari eusteko. Jatorrizko herrialdean proba negatiboa eskatzea planteatu du politikariak.

Carolina Darias Osasun Ministroak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak Afrikako hegoaldetik datozen hegaldiak murrizteko neurriak onartuko ditu astearte honetan, Ministroen Kontseiluan.