Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

800eko langa gainditu du intzidentziak Gipuzkoan

ANE SANTESTEBAN| EITB Media

Orotara 177 herri daude eremu gorrian EAEn: 24 Araban, 79 Bizkaian eta 74 Gipuzkoan.

  • Grafikoa: EITB Media.

    Grafikoa: EITB Media.

(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)

Kutsatzeek gora egiten jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duen semaforoaren arabera. Hala, 177 udalerri, handi zein txiki, daude eremu gorrian, ostegunean baino 25 gehiago.

Gipuzkoako egoera da kezkagarriena, 800 kasuren langa gainditu baitu. Araban 24 herri daude eremu gorrian, Bizkaian 79 eta Gipuzkoan 74. Horietan guztietan osasun arloko prebentzio neurriak mantendu ezin diren jarduerekin aurrera jarraitu edo bertan behera utzi erabaki beharko dute.

Arabak eremu latzenean jarraitzen du, 100.000 biztanleko 370 kasurekin. Azken egunetan lau udalerri gehitu dira zerrenda gorrira, tartean Laudio eta Amurrio, eta, beraz, 24 herri daude eremu astinduenean. Agurain dago egoera okerrenean, 100.000 biztanleko 1.756 kasu baitaude bertan. Gasteizen ere intzidentziak gora egiten jarraitzen du (375 kasu 100.000 biztanleko).

Birusaren intzidentzia gora doa Bizkaian ere: 370 kasu 100.000 biztanleko. Aipatzekoa da 17 herri gehiago daudela eremu gorrian, 79 guztira. Elorrio eta Ermua dira kezka gehien eragiten duten herriak 1.000 kasutik gorako intzidentziarekin.

Ezkerraldeko herririk jendetsuenek, berriz, Barakaldok edo Santurtzik, eremu laranjari eutsi diote, eta Portugaletek gorri egoten jarraitzen du (379 kasu 100.000 biztanleko).

Gipuzkoa da lurralde zigortuena, 807 kasu baititu 100.000 biztanleko. Hala, eremu gorrian jarraitzen du, 74 herri gehiagorekin batera, hau da, aurreko astean baino hiru gehiago.

Eibarrek, Hernanik, Legazpik, Tolosak edo Usurbilek 100.000 biztanleko 1.000 kasuren muga gainditzen dute, eta nabarmentzekoak dira Andoain (1694), Azpeitia (2181) Zumarraga (1730) eta Urretxu (1640), 1.500 langaren gainetik baitaude.

Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.