Gizartea
KORONABIRUSA
Positiboen kopuruak 1.000ko langa gainditu du berriro Euskadin, inzidentzia metatua 405ean ezarriz
N.B. | EITB MEDIA
Euskadik ez zituen 1.000 positibo baino gehiago zenbatzen abuztuaren 5etik, orduan 1048 kasu erregistratu baitziren, eta intzidentzia metatua ez zen 400 kasutik gorakoa abuztuaren amaieratik.
-
Hainbat lagun Bilbon euritakoekin. Argazkia: EFE.
Covid-19aren intzidentzia metatua Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 400 kasutik gorakoa da, azken egunean 1.000 positibo berri baino gehiago atzeman ondoren, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.
Horrela, Euskadiko egoera epidemiologikoak goranzko fasearekin jarraitzen du, eta 1.086 positibo berri izan ditu azken egunean; beraz, intzidentzia metatua 405 kasuan dago, aurreko egunean baino 31 puntu gehiago.
Euskadik ez zituen 1.000 positibo baino gehiago atzematen abuztuaren 5etik, orduan 1.048 kasu erregistratu baitziren. Halaber, intzidentzia metatua ez zen 400 kasutik gorakoa abuztuaren 28tik, 412 puntutan baitzegoen.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren buletin epidemiologikoan ostegun honetan argitaratutako azken datuen arabera, 36 pertsonak zainketa intentsiboak behar zituzten eta 179 ospitaleratuta zeuden.
Bestalde, Osakidetza datorren astelehenean hasiko da osasun-langileei errefortzuko txertoa jartzen, eta egun horretan bertan hasiko da 60 urtetik gorako pertsonei hitzordua ematen covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia emateko.
Eskoletan duen eragina ere, goraka
Koronabirusak EAEko ikastetxeetan duen eragina ere hazten ari da. Gaur-gaurkoz 164 ikasgela daude itxita, bezperan baino 48 gehiago eta duela astebeteren ia bikoitza (87 izan ziren iragan ostiralean), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera.
Zorionez, ez dago aurrez aurreko eskola jarduera etenda duen ikastetxerik. Dena dela, 82 eskolak dute gelaren bat itxita, ostegunean baino 15 gehiago.
Itxitako ikasgelak kopuru osoaren % 0,94 dira.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua itxaropentsu agertu da; Gabonen osteko oporraldiaren ostetik, 12 urtetik beherakoen txertaketak aurrera egitea espero du, eta horrenbestez, egoera hobetzea.