Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Pfizer konpainia abenduaren erdialdera hasiko da banatzen EBn haurrentzako txertoa

EITB Media

Sendagaien Europako Agentziaren oniritzia jaso ostean, Europako Batzordeak merkaturatzeko baimena eman behar du, eta "datozen orduetan egitea espero da".

2:41
Txertoa adingabeei. Irudia: EITB Media

Pfizerren haurrentzako txertoa Osasun Ministerioaren eskuetan geratuko da, Europako Batzordeak merkaturatzeko baimena eman bezain pronto, eta "datozen orduetan" egitea espero da. Hala ere, konpainia ez da abenduaren bigarren hamabostaldia baino lehen banatzen hasiko EBn umeentzako txertoa, Espainiako Botika eta Osasun Produktuen Agentziak (AEMPS) zehaztu duenez.

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) txertoa 5-11 adin tartean erabiltzeko oniritzia eman du, "onurak arriskuak baino handiagoak" direla ebatzi ondoren.

AEMPSek gogorarazi duenez, Sendagaien Europako Agentziaren oniritzia jaso ostean, Europako Batzordeak merkaturatzeko baimena eman behar du, txertoa EBko estatu kide guztietan banatu ahal izateko, eta "datozen orduetan egitea espero da".

Haurrentzako formulazio berriak ez du diluziorik behar, eta konpainia "abenduko bigarren hamabostaldian hasiko da Europar Batasunean banatzen, ekoizpen gaitasunaren arabera". Umeek helduen dosiaren heren bat jasoko dute (10 miligramo, 30 barik).

Pauta helduentzako bera da: bi dosi besagainean, bakoitzaren artean hiru asteko denbora tartearekin.

"Lehen dosiak" abenduan bertan iristea espero du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. "Hala ere, ez dakigu abenduan noiz helduko diren, ezta zenbat dosi iritsiko diren ere", onartu du sailburuak.