Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Covid ziurtagiriak bederatzi hilabeteko iraupena izatea proposatu du Bruselak, hirugarren dosia jaso ezean

Agentziak | EiTB Media

Nahiz eta Estatu kideen oniritzia jaso, aldaketak ez die Eguberriei eragingo, adituek neurria urtarrilaren 10etik aurrera aplikatzea eskatu dutelako.

  • Covid ziurtagiria. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

    Covid ziurtagiria. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Txertaturik dauden europarrei murrizketarik gabe bidaiatzea uzten dien covid ziurtagiriak bederatzi hileko iraupena izatea proposatu du Europako Batzordeak, hirugarren dosia jaso ezean. Horrela, txertaketa bukatu eta bederatzi hilabete geroago balioa galduko luke. Hala ere, hirugarren dosiak mugagabe luzatuko luke.

Gainera, nahiz eta Estatu kideen oniritzia jaso, aldaketak ez die Eguberriei eragingo, adituek neurria urtarrilaren 10etik aurrera aplikatzea eskatu dutelako, "koordinatzeko denbora nahikoa izateko".

Pandemiaren kudeaketan kaos berri bat saihesteko koordinazioa eskatu die Bruselak Estatu kideei. Horrela, "egoera aldakorraren" aurrean kontrol tresnak egokitzea posible izango da EBn, nahiz eta txertaketa tasa ezberdinak izan Estatu bakoitzean.

Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) asteazkenean zabaldutako txostena kontuan hartu du Bruselak. Txostenaren arabera, txertoaren babesak sei hilabeteko iraupena du.

Epe horri beste hiru hilabete gehitzea eskatu du Europako Batzordeak, Estatu kideek hirugarren dosia banatzeko, kanpainak antolatzeko denbora nahikoa izateko, Didier Reynders Justizia komisarioak prentsaurrekoan, Bruselan, azaldu duenez.

Oraingoz, hirugarren dosia hartuta, covid ziurtagiria mugagabe luzatuko litzateke, Europako Batzordeak babesaren inguruko informazio zientifiko gehiago izatea espero duelako. Hala ere, aurrerago egutegi ezberdin bat planteatzea ez du baztertu Bruselak.

Adingabeei dagokionez, sei urtez beherakoek bakarrik ez dituzte baldintzak bete beharko, haien gurasoek covid ziurtagiria baldin badute.

Horrela, 6-12 adin tarteak test negatiboa aurkeztu edo eritasuna gainditu izana egiaztatu beharko du, murrizketarik gabe bidaiatu ahal izateko. Bitartean, 12 urtez gorakoek helduen baldintza berdinak bete beharko dituzte.

Iragan udan biztanleria helduaren % 70 txertatzea helburu bezala jarri zuen EBk, baina 10 estatu kide oraindik ez dira helmugara iritsi. Are gehiago, Bulgariak (% 29), Errumaniak (% 43) eta Eslovakiak (% 54) txertaketa zenbaki eskasagoak dituzte.

Bestalde, kolore maparen metodologia berriz aztertzea proposatu du Europako Batzordeak. Europar Batasun osoan koronabirusaren arriskua neurtzen du mapak. Hiru irizpide nahastea eta txertaketa tasak pisu handiagoa izatea nahi du Bruselak. Koloreen eskalak ez du soilik intzidentzia kontuan hartuko, eremu bakoitzaren txertaketa portzentajea eta egindako proben tasa ere.

Horrela, arrisku oso handiko zonaldeetatik datozen bidaiariei murrizketa gehiago aplikatzea planteatu du Batzordeak, txertoa jaso ez edo eritasuna gainditu ez baldin badute. Bidaiatu baino lehen proba negatibo bat aurkeztu edo koarentena bete beharko lukete.