Itxi

Gizartea

INDARKERIA MATXISTA

Gizon bat espetxeratu dute Berriozarren emakume bat bortxatzea egotzita

Onintza Aiestaran | EITB Media

Sexu erasoa astelehen goizean gertatu zen, emakumea Agustindarren poligonora lanera zihoala. Bortxaketaren ondoren, biktimak gizona inguruko hipermerkatu batera erakartzea lortu zuen eta bertan atxiki zuten, Polizia Nazionala iritsi eta atxilotu zuen arte.

Iruñeko 5. Instrukzio Epaitegiko epaileak gizon bat behin-behinean espetxera bidali du, Berriozarren emakume bat bortxatzea egotzita.

Sexu erasoa astelehenean gertatu zen, 06:00ak baino lehen, emakumea Agustindarren poligonora lanera zihoala. Gizon bat atzetik hurbildu zitzaion, lepotik heldu eta lurrera bota zuen. Lehendabizi ukituak egin zizkion eta, ondoren, zuhaitz baten kontra bultzatu eta bortxatu egin zuen.

Gertaeraren ondoren, biktimak gizona inguruko hipermerkatu batera erakartzea lortu zuen eta bertan langile batzuek atxiki zuten, Polizia Nazionala iritsi eta atxilotu zuen arte.

Gizonak ez zuen epaitegian deklaratu nahi izan asteartean, eta epaileak espetxera bidaltzeko agindua eman zuen sexu eraso delitua leporatuta.

Bestalde, Polizia Nazionalak ikerketa bat abiatu du atxilotutako gizonak lehenago Berriozarko inguru horretan izandako antzeko gertaera batzuekin lotura izan dezakeelakoan

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.