Gizartea
KORONABIRUSA
Nafarroan, hildako bat, hamar pertsona ospitaleratuta, eta 319 positibo berri egun batean
Agentziak | EITB Media
Guztira 67 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 13 ZIUetan. Positibotasun tasa % 7,9koa da, eta azpimarratzekoak dira Iruñean atzemandako 88 positiboak.
-
Nafarroako Ospitalea. Argazkia: EFE.
Azken hogeita lau orduetan 319 positibo berri atzeman dituzte Nafarroan, eta duela ia astebete 267 zenbatu zituzten.
Covid-19a dela eta, pertsona bat hil eta hamar ospitaleratu dituzte, horietako bat ZIUn. Foru Gobernuak emandako datuen arabera, guztira 67 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 13 ZIUetan.
Bestalde, covid-19a detektatzeko 4.035 proba egin zituzten atzo Foru Erkidegoan, eta, ondorioz, positibotasun tasa % 7,9koa da.
Datuak herriz herri aztertuta, nabarmentzekoak dira Iruñean atzemandako 88 kasuak (13 Arrotxapea auzoan eta 11 Txantrean), baita Zizur Nagusiko 19 positiboak, Barañaingo 14 kasuak, Sarrigurengo 12ak eta Mutiloako 11 kasuak ere.
Txertaketari dagokionez, Foru Gobernuak jakitera emandako datuen arabera, 4.222 txerto jarri zituzten atzo; beraz, 1.079.441 txerto jarri dituzte jada eta 529.194 pertsonak jaso dute pauta osoa.