Gizartea
KORONABIRUSA
Covid-19 ziurtagiria baimentzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Auzitegiari
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak espero du Nafarroako Auzitegi Nagusiak eskaera babestea. "Ez dugu B planik", erantsi du.
Nafarroako Gobernuak lehen urratsa eman du, covid-19 ziurtagiria baimentzeko neurria arautzen duen foru agindua aurkeztu baitio Nafarroako Auzitegi Nagusiari, Javier Remirez Foru Gobernuko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Remirezen hitzetan, Nafarroako Gobernuak espero du justiziak ziurtagiria ezartzeko baimena ematea, eta neurria "egokia eta proportzionala" dela gaineratu du: "Oraingoz, ez dugu B planik; beraz, onartzen badute, ondo, eta bestela ere bai", erantsi du. Auzitegiek diotena bere egingo dutela nabarmendu du.
Baimenduz gero, neurria urtarrilaren 6ra arte egongo litzateke indarrean. 50 pertsona baino gehiago hartzeko edukiera duten jatetxeetan, gaueko aisialdian (diskoteketan eta dantzalekuetan, besteak beste), eta baita barnealdeko ekitaldi jendetsuetan ere eskatu nahi dute, jateko eta edateko aukera baldin badago.
Ziurtagiria nola eta nork eskatuko duen galdetuta, Remirezek esan du aipatutako establezimenduetako eta ekitaldietako arduradunen esku egongo dela horren ardura, eta Poliziak ere "ausaz" egingo dituela kontrolak.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak antzeko neurrien ezarpenari uko egiteak beste aukera batzuk aztertzera eramaten ote dituen galdetuta, Nafarroaren kasuan pandemiaren hasieratik Auzitegiarekin izan duten esperientzia positiboa izan dela azpimarratu, eta beti "oreka egokia" bilatu dela azaldu du. Horregatik, oraingoan ere hala izango dela eta baimena emango dietela uste du.
Egunotan jakin denez, EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu covid-19 ziurtagiria ezartzea ostalaritzan eta gaueko aisialdirako lokaletan zuzenbide estatu batean helburuak ez dituelako bitartekoak arrazoitzen, eta, kasu honetan, oinarrizko eskubide ugari ukitzen dituelako.