Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

60 urtetik gorakoei hirugarren dosia jartzea onartuko dute arratsaldean Osasun Ministerioak eta erkidegoek

AGENTZIAK | EITB Media

Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluaren bileran, covid semaforo berria eta covid ziurtagiria ere izango dituzte hizpide.

  • Osasun langile bat koronabirusaren aurkako txertoa jartzen

    Osasun langile bat koronabirusaren aurkako txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EFE

Osasun Publikorako Batzordearen oniritzia jaso ostean, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak gaur onartuko du 60 eta 69 urte bitarteko pertsonei, osasun langileei eta langile soziosanitarioei koronabirusaren aurkako txertoaren errefortzu dosia ematea.

Osasun Ministerioaren eta autonomia erkidegoen arteko gaurko bileran, covid semaforo berria, covid ziurtagiria, txertaketa kanpaina eta kirol ekitaldien edukierak ere izango dituzte hizketagai.

Osasun Publikorako Batzordeak covid semaforoa eguneratu zuen atzo, baina arrisku-maila bakoitzari lotutako neurriak eta murrizketak zehaztu gabe. Besteak beste, arrisku-maila definitzeko adierazleak malgutu zituen, Eusko Jaurlaritzak egindakoaren aurkako norabidean.

Covid ziurtagiria aplikatu ahal izatea ere izango dute eztabaidagai Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek. Izan ere, Katalunian, Kantabrian eta Galizian dagoeneko covid pasaportea beharrezkoa da kasu batzuetan, eta Eusko Jaurlaritzak ere ezarri nahi zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baztertu egin zuen covid pasaportea ezartzeko eskaria. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, gaur egingo du eskaera Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.

Eusko Jaurlaritzak covid ziurtagiria ezarri ahal izateko lege bat eskatu dio Espainiako Gobernuari. Azken horrek, ordea, Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko erantzun dio. Gaurko bileran, musukoa kalean berriro derrigorrezkoa izatea galdegingo dio Osasun sailburuak Osasun Ministerioari.

Kirol-ekitaldietako edukierari lotuta, Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek indarrean dauden edukierak azaroaren 27ra arte mantentzea erabaki zuten aurreko bilera batean. Edukiera % 100ekoa da esparru irekietan, eta % 80koa instalazio itxietan. Orduan, intzidentzia metatua 50 kasutik beherakoa zen Espainian, eta 140 kasuren bueltan dago orain.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.