Gizartea
Kontsumoa
"Black Friday" iristear da: zeintzuk dira iruzurrik ohikoenak?
Agentziak | EITB Media
Azaroaren 26a "ostiral beltza" dela eta, erosketak Internet bidez egiteko arriskuez ohartarazi dute zibersegurtasun enpresek.
-
Pertsona bat tablet bat erabiltzen. Argazkia: Pixabay
Ostiral honetan, azaroaren 26an, Black Friday ("ostiral beltza") eguna ospatuko dute saltoki eta enpresek. Egun horretan, beherapenak eta promozioak eskaintzen dituzte. Herritarrek zentzuz eta arriskurik gabe kontsumitzeko, hainbat elkarte eta konpainiak ostiralean kontuan izan beharreko aholku batzuk kaleratu dituzte.
Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak (EHKB), esaterako, Internet bidezko erosketetan transferentziak alde batera utzi eta kreditu-txartelak erabiltzeko gomendioa egin du. Horrez gain, protokolo segurua erabiltzen duten webguneetan erosteko aholkua eman du, hau da, helbidean "https" siglak dituzten webguneak erabiltzeko.
FACUAren arabera, ezer erosi aurretik hiru gauza izan behar dira kontuan: prezioa benetan zentzuzkoa duen, produktua beharrezkoa dugun eta zorpetze-maila gehiegi haztea ekarriko duen edo gastu onargarria den. Hainbat produkturen prezioak igo egiten dira egunotan, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) ohartarazi duenez. Iaz, esaterako, prezioak batez beste % 2,6 igo zituzten.
Online bidez egiten diren salmentak gero eta gehiago dira, eta, horregatik, ESET zibersegurtasun enpresak Internet bidezko salmentetan izaten diren iruzurrik ohikoenak bildu ditu.
Doako produktuak
Kanpaina hauetan, produktuak dohainik edo prezio oso baxuan eskura ditzakeela esaten diote askotan erabiltzaileari, sare sozialetan gehienbat. Ondorioz, klik bidezko ordainketa egiten amaitu dezake iruzurraren biktimak.
Banaketa enpresak ordeztea
Delitugileen beste praktika bat banaketa enpresak ordeztea da. Horrela, erabiltzaileak mezu elektroniko edo SMS bat jaso dezake, banaketa enpresa baten izenean. Mezu horretako estekaren gainean klik eginez gero, erabiltzen ari den gailua kodifika dezakete, eta hura deskodifikatzeko dirua eska dezakete delitugileek.
2021eko Black Friday eguna iritsi aurretik, banaketa enpresak lanean dira jada.
Idazketa akatsak
Iruzur hau idazteko orduan egiten diren akatsez baliatzen da. Webgune baten helbidea idazten denean, oso antzeko izena duen webgune faltsu batera bideratzen du erabiltzailea. Horrela, iruzurgileek software gaizto bat instala dezakete horren gailuan, dirua zein datuak lapurtzeko.
Beherapen handiegiak
Garrantzitsua da webgune batera sartu aurretik egiaztatzea benetakoa dela, produktu merkeegiak erosten saiatu aurretik. Hori egiteko modu bat saltokiarekin edo markarekin zuzenean harremanetan jartzea da, telefono edo posta elektroniko bidez. Interneteko erabiltzaileek enpresa horren inguruan duten iritzia bilatzea ere gomendatzen dute.