Itxi

Gizartea

Elkarrizketa

Eva Ferreira: "Txertoak beharrezkoak dira, adimen arrazional batean negazionismoak ez du lekurik"

EITB Media

EHUko errektoreak uste du ikasturtea ondo hasi dela eta azpimarratu duenez "klaseak aurrez aurre ematea, momentuz, ez dago zalantzan".

  • Eva Ferreira

    Eva Ferreira

Eva Ferreira EHUko errektoreak Radio Euskadin esan du unibertsitateko administrazioko langileek, irakasleek eta ikasleek erakutsi duten "ardura" izan dela ikasturtea hasi den bezain ongi hasteko arrazoia, eta gaineratu duenez, "eskolak aurrez aurre ematea ez dago, oraingoz, zalantzan". 

Ferreirak txertoen balioa azpimarratu du eta beharrezko direla esan du; bere ustez "adimen arrazional batean negazionismoak ez du lekurik". 

Adierazi duenez, pandemian zehar ikusi duen gauzetako bat izan da herritarrentzat "unibertsitatea puntako ikerketarako erakundea" dela eta "kalitatezko ikerkuntza sendoak izatearen garrantzia" agerian geratu dela. Euskal jendartean negazionista gutxi egoteak, bere ustez, zerikusia du "herritarrek duten ezagutza eta espiritu kritiko positiboarekin". 

EHUren finantzaketari dagokionez, dirua, batez ere, Eusko Jaurlaritzatik datorrela nabarmendu du, "2022an amaituko den unibertsitate planaren bidez". Iaz "defizit txiki bat" izan zutela adierazi du, baina ez duela islatzen euskal unibertsitate publikoaren bilakaeraren normaltasuna, "zerbait puntuala izan zen".

Halaber, kanpotik lortzen duten finantzaketa kudeatzean "beste unibertsitate edo goi mailako hezkuntza erakunde batzuek duten malgutasun bera" izatea aldarrikatu du Ferreirak. "Gaur egun zailagoa da euro pribatu bat kudeatzea unibertsitate publiko batean erakunde pribatu batean baino", gaineratu du.

EHUk dituen proiektuei dagokienez esam du Basurtuko medikuntza eta erizaintza fakultatea "martxan" dagoela, obra dagoeneko lizitatuta dagoelako; esan duenez datorren urtean hasiko dira lanak. Zorrozaurre, aldiz, "oso epe luzerako proiektua"  dela adierazi du.