Gizartea
HERIOTZA BIDASOAN
Bidasoa ibaian hildako pertsonak 38 urte zituen eta El Ejidotik igaroa zen
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
EITB Mediak jakin ahal izan duenez, biktimaren dokumentuen artean, El Ejidoko anbulategian zigilatutako dokumentu bat zegoen. Horregatik, sasoikako langilea ote zen ikertzen ari dira. Astelehenean giza-katea egingo da protesta gisa, Irun eta Hendaia artean.
Ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Irungo San Juan plazan, Irungo Harrera Sareak deituta, atzo, larunbata, Bidasoako uretan, Irun eta Hendaia artean, beste migratzaile bat ito zela salatzeko.
Biktimaren gorpua Endarlatza inguruan aurkitu zuen, Nafarroako mugan, goizeko 11:00ak aldera, surfean ari zen pertsona batek, eta Ertzaintzari abisua eman zion.
Lehen datuen arabera, Boli Kostatik zetorren gaztea ito egin zen Hendaiara igerian iristen saiatu zenean.
EITB Mediak jakin ahal izan duenez, baina, ez dago baieztatuta Boli Kostakoa zenik, baina bai hildakoa 38 urteko gizona zela. Antza denez, El Ejidoko (Almeria) anbulatorioan covid-19 aurkako txertoa jaso zuela egiaztatzen zuen agiri bat zeraman eta hori dela eta, sasoikako langilea zela uste dute ikertzaileek.
Era berean, biktima ez zela Eusko Jaurlaritzaren baliabideetatik igaro jakinarazi dute.
Elkarretaratzea Irunen. Argazkia: Xabier Urtega | EITB Media
Irungo Harrera Sareak "gehiago" egiteko eskatu die erakundeei
Jon Aranguren Irungo Harrera Sareko kideak Euskadi Irratiko 'Goiz Kronika'-n esan duenez, migratzaileentzat "gero eta zailagoa" da euren bidean aurrera egitea. Arangurenen hitzetan, Frantziak muga "guztiz ilegal bat" jarria du: "Aitzakia segurtasun nazionala da, baina praktikan mugan ditugun kontrolak kontrol arrazistak dira, besterik ez".
Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek "zerbait gehiago" egin dezaketela uste du Arangurenek: "Batzuk aurkitzen dira ezin dutela Irungo dispositiboan ostatu hartu, irizpideak, irizpide ezezagunak, betetzen ez dituztelako. Jartzen dira dikotomia batean; edo kalean lo egitea edo bizitza arriskatzea". Horregatik, hori saihesteko, "eskuzabalagoak" izatea galdegin die erakundeei.
Drama honen aurrean, dena dela, euskal erakundeek eta erakunde sozialek "migrazio-fenomenoei modu ordenatu eta solidarioan erantzuteko sistema bat" sortu dutela Euskadin defendatu zuen atzo Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak salatu duenez , "baita gure eskumen-eremuetatik harago ere". "Zoritxarrez, horrelako gertaerak edozein unetan errepika daitezke Europak etorkizun hobearen bila dabiltzan pertsonen joan-etorrirako bide seguruak sortzen ez dituen bitartean" salatu zuen.
Bihar, astelehena, giza-katea egingo dute 19:00etan, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian, Iparraldeko eragileekin bat eginda.