Gizartea
Indarkeria matxista
1.237 emakumek indarkeria matxista jasan dute urtearen lehen seihilekoan Bizkaian
O.P. | Eitb Media
'Matxismoa indarkeria da' Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna) harira abiarazi duen sentsibilizazio-kanpainaren leloa.
-
'Matxismoa indarkeria da' kanpainaren aurkezpena. Irudia: BFA.
Bikotekideen edo bikotekide ohien indarkeria, familia barruko indarkeria edo sexu-askatasunaren aurkako erasoak jasan dituzte 1.237 emakumek urtearen lehen seihilekoan Bizkaian.
Datu horiek eskuan, Bizkaiko Foru Aldundiak azaroaren 25ean ospatuko den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira abian jarritako sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du gaur.
Matxismoa indarkeria da leloan oinarritzen da kanpaina, eta neska baten eta mutil baten irudiak ditu ardatzak, mezu bana dute: emakumeak dio "ni neurea nai, ez naiz zurea"; mutilak berriz "ez da beste barik gertatzen".
Ostegun honetan Elorrieta Erreka-Mari Lanbide Heziketako Bilboko zentroan egindako aurkezpenean, Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak azpimarratu duenez, indarkeria matxista "estrukturala da", "sistema patriarkal" batean bizi garelako. Sistema horretan, sarritan, "matxismoak menderatzen" duela eta hori "emakumeen aurkako indarkeria bihurtzen" dela azaldu du. "Parekidetasun ezean oinarrituriko gizarte batean bizi gara" eta "emakumeen aurkako indarkeria matxista da parekidetasun eza horren erakusgarririk larriena", gaineratu du.
Kanpainari lagunduko dion sentsibilizazio materiala banatu dute gaur aurkezpena egin duten ikastetxeko ikasleen artean, eta datozen egunetan lurralde osoan zehar banatuko da: 221 emakume-elkartetan, irabazi-asmorik gabeko 233 erakundetan, Bizkaiko 112 udaletxetan, 6.454 dendetan, eskola-kiroleko 648 erakundetan (azaroaren 27ko eta 28ko asteburuan argazkiak egingo dituzte, egiten dituzten kirol-topaketen aurretik), 71 kiroldegitan, 257 ikastetxetan eta 171 osasun-zentrotan, besteak beste.
Kirol profesionalean ere presente egongo da kanpaina, Athletic Clubaren (hilaren 20an emakumezkoen partida eta 26an gizonezkoena), Lointek Gernikaren (hilaren 18an), Lutxana Arraunen (hilaren 28an), Bilbao Basketen edo Zuazo Eskubaloia eta Bidaideak saskibaloi egokituaren bidez.
Dauak gorantz
2021eko lehen sei hilabeteetan izan diren indarkeria matxistako kasuek gainditu egin dituzte iazko epe berean izandakoak, 1.237 emakumek jasan baitute indarkeria matxista. 2020an, guztira, 2.311 emakumek pairatu zuten indarkeria matxista Bizkaian.
Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, 1.589 emakumek bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria-gertakari bat edo gehiago jasan zituzten iaz, 554 emakumek familia barruko indarkeria-gertakari bat jasan zuten gutxienez, eta 168 emakumek sexu-askatasunaren aurkako eraso bat edo gehiago jasan zituzten.
Era berean, iaz 304 babes-agindu abiarazi ziren (171 onartu), eta aurtengo lehen seihilekoan 175 babes-agindu ireki dira (94 onartu) lurraldean.
Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren datuen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdiko Harrera Zerbitzuak 191 pertsona artatu zituen iaz (105 emakume, 82 seme-alaba eta mendeko lau pertsona). Aurten, abuztuaren erdialdera arte, 144 pertsona artatu dituzte (84 emakume, 59 seme-alaba eta mendeko pertsona bat).