Gizartea
Indarkeria matxista
Tratu txarren 1.103 biktima artatu ditu Arabak 2021ean, inoizko kopururik handiena
Agentziak | EITB Media
Azken hamarkadan, bikoiztu egin da artatutako emakumeen kopurua. Horrez gain, euren jarrera oldarkorra aldatu nahi zuten 45 gizon matxistari lagundu diete Foru Aldundiaren zerbitzuan.
-
Hainbat gazte kartel feministekin. Argazkia: EFE
Arabako Foru Aldundiak indarkeria matxistaren biktimak artatzeko duen Hegoak zerbitzuak 1.103 emakumeri eman die babesa aurtengo urtarriletik urrira. Zerbitzua martxan jarri zenetik, 1991tik, izandako handiena da (2019an 1.092 biktima artatu zituzten).
Emilio Sola Arabako Gizarte Zerbitzuen diputatuak eta Pilar Sanz de Pablo Ongizate Sozialeko genero indarkeriaren lantaldeko psikologoak prentsaurrekoa eskaini dute gaur datuon berri emateko.
Iaz, pandemiaren eraginez, behera egin zuen Aldundiak artatutako emakumeen kopuruak (1.071 izan ziren 2020an, urtarriletik abendura zenbatuta), baina etxeko konfinamenduak biktima askoren "drama are gehiago zaildu" zuen, eta emakume askok "egoera beldurgarriak pairatu" behar izan zituzten, psikologoak azaldu duenez.
2021ean, gora egin du artatutako emakume eta nerabeen kopuruak, eta 2011rekin alderatuta, halako 10 da (540 biktima izan ziren orduko hartan). Sola diputatuak deitoratu duenez, ez dakite noiz utziko dion kopuruak hazteari.
Aurtengo datuei dagokienez, erdiarentzat baino gehiagorentzat (zehazki, 598 emakume) lehen aldia zen zerbitzuan. Gainerakoak sistemaren barruan zeuden dagoeneko (tratamendu psikologikoak, batez beste, bi urteko iraupena du).
Hegoak zentroak arreta juridikoa ere eskaintzen die tratu txarren biktimei. Aurtengo lehen 10 hilabeteetan, 221 emakumeri lagundu diete arlo horretan, 2019 osoan bezainbeste.
Aldatu nahi duten gizon matxistak
Era berean, jokabidea aldatzeko borondatea azaldu duten 45 gizoni arreta psikologikoa eskaini diete. Laguntza borondatez eskatu dute, nahiz eta askotan bikotekideak eskatu ondoren izan.
Gizonak artatzea "arrakasta izan du batzuetan", gehiago indarkeria hasi denetik denbora gutxi pasa den kasuetan, Sanz de Pablok onartu duenez.
Laguntza eskatzen duen erasotzailearen profilik ez dago, baina gazteen artean aldatzeko borondate handiagoa sumatu dute. Batzuetan ingurukoek animatzen dituzte, lagunek zein gazte elkarteek, "paper garrantzitsua jokatzen ari dira", nabarmendu du Sanz de Pablok.
Hala ere, diputatuak ohartarazi duenez, gazteria feminista izatetik oso urruti dago; izan ere, neska askok "barneratu dute bikotekideak mugikorra kontrolatzea normala dela".
"Pedagogia asko egin behar da", eta gizonek "esfortzu bat egin" behar dute indarkeriazko jokamoldeak aldatzeko eta jarrera matxistak edo mikromatxismoak antzemateko, orain kontziente ez direlako, azaldu duenez.