Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

EAEko Auzitegi Nagusiak astelehenean erabakiko du covid-19 pasaportea eskatzeko baimena eman ala ez

EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzaren arabera, neurri hori hartzea ezinbestekoa da pandemiaren olatu berri bat ekiditeko eta herritar guztien txertaketa sustatzeko.

  • Covid pasaportea sakelako telefonoan

    Covid pasaportea sakelako telefonoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak datorren astelehenean aztertuko du covid-19 pasaportea ezartzeko baimena ematen duen ala ez. Litekeena da erabakia astelehenean bertan hartzea.

Aisialdirako hainbat gune eta establezimendutan covid ziurtagiri digitala eskatzea derrigorrezkoa izatea nahi du Eusko Jaurlaritzak eta neurri hori ezartzeko baimena eskatu dio gaur EAEko Auzitegi Nagusiari.

Administraziorako auzien salan aurkeztu duen dokumentazioaren arabera, covid-19 pasaportea diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizundun dantzalekuetan, musika-tabernetan eta karaokeetan eskatu nahi dute.

Pub eta taberna bereziei dagokienez, ziurtagiria 22:00etatik aurrera eskatuko lukete. Era berean, neurri hori 50 pertsonatik gorako jantokiak dituzten jatetxeetan ezartzea aurresikusten dute.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Nola eskatu dezakete covid-19 ziurtagiria?

Horrenbestez, establezimendu horietara sartzea eta bertan egotea, azken 14 egunetan covid-19ak eragindako kasu positiboen intzidentzia tasa metatua Euskal Autonomia Erkidego osoan 100.000 biztanleko 150 kasukoa edo gehiagokoa den bitartean, establezimenduko arduradunen kontrolaren mende egongo da, eta horiek kontrolatu beharko dute covid ziurtagiri digitalaren papera edo euskarri digitala erakustea.

Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek auzitegian aurkeztutako dokumentazioan argudiatu dutenez, horrelako neurri bat beharrezkoa da birusaren transmisio komunitarioko olatu berri bat eteten laguntzeko eta herritar guztien txertaketa are gehiago sustatzeko. Era berean, uste dute oinarrizko eskubideetan, kasu honetan norbanakoen askatasunetan, beharrezkoa den eragina bizitzarako eta osasun publikorako oinarrizko eskubidearekin kontrajartzen dela, eta eskubide horrek ororen gainetik gailendu behar duela.

Halaber, kontuan hartu dute Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia, kasu batzuetan oso antzeko neurriak bermatu baititu. Auzitegi honen doktrinaren arabera, datuak babesteko oinarrizko eskubideak ez du eraginik izango, lokalean sartzeko aurkeztutako dokumentazioa erakustea baino ez baitu aurreikusten, egiazkoa dela egiaztatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.