Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Gorenaren epaiak jurisprudentzia ezarri zuen covid ziurtagiria eskatu ahal izateko, Subijanaren arabera

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Bestalde, lehendakaria "itxaropentsu" agertu da EAEko Auzitegi Nagusiak osasun ziurtagiria ezartzeko bermea emango diolakoan.

  • BBK Live Udazkenaren kontzertuetako bat.

    Kontzertu jendetsuetarako ziurtagiria eskatu nahiko luke Jaurlaritzak. Argazkia: EFE

Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentearen hitzetan, Auzitegi Gorenak irailaren 14an emandako epai batean legoke covid ziurtagiria hainbat jardueratan eskatzeko "aurrekari judiziala". Galiziako Xuntak Gorenera jo zuen gaueko aisialdian eta ostalaritzan ziurtagiria eskatu ahal izateko berme bila; izan ere, Galiziako auzitegiek atzera bota zuten neurria. Gorenak baimendu egin zuen neurria, eta hala, "jurisprudentzia" ezarri zuen osasun pasea beste erkidego batzuetan, EAEn kasu, ere ezarri ahal izateko. Iñigo Urkullu lehendakariak ere hitz egin du auziaz, eta, gaur aitortu duenez, Jaurlaritza "itxaropentsu" dago.

Eusko Jaurlaritzak covid ziurtagiria ezarri ahal izateko EAEko Auzitegi Nagusiaren bermea eskatuko zuela iragarri zuen atzo. Horren zerbitzu juridikoek datozen orduetan aurkeztuko dute eskaria. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo aurreratu zuenez, gaueko aisialdiko establezimenduetan, kontzertu-aretoetan eta 50 lagunetik gorako edukiera duten ostalaritza-establezimenduetan 12 urtetik gorako pertsonei eskatzea da asmoa.

Subijanak atzo egin zituen adierazpenak Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikasturte hasierako ekitaldian. "Legearen ikuspegitik, Osasun Publikoaren Legean kokatu beharko litzateke erabakia, eta, aldi berean, erabakiaren premia eta proportzionaltasunarekin uztartuz, xede duen helburu publikoa lortu ahal izateko, alegia, birusaren hedatzea galaraztea", nabarmendu zuen.

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur hitz egin du eskariaz. Aitortu duenez, "itxaropentsu" dago, Auzitegiak onartuko diolakoan. "Beti jokatu dugu itxaropenarekin, gure helburua delako giza taldeen eta gizabanakoen osasuna bermatu ahal izatea", nabarmendu du.

0:42

Bilbon egindako ekitaldi batean, azpimarratu du orain arte hartutako neurriak, azken hori barne, "orekatuak eta proportzionatuak" izan direla, eta Auzitegiak ere horrela ulertzea espero duela erantsi du.

Gogorarazi duenez, aurrez aurkeztutako hainbat helegitetan Fiskaltzaren babesa izan dute, baina "gero epaitegiak kontrako irizpidea" erabili du.

Azken bi egunetan 10 aldiz biderkatu dira covid ziurtagirien deskargak

Uztailaren 1etik, 1.170.000 covid ziurtagiri inguru deskargatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Osasun Sailak emandako datuen arabera. Europar Batasunean bidaiatzeko ez ezik, EAEko hainbat jardueretan ere eska dezaketela eta, azken bi egunetan nabarmen hazi da deskargen kopurua, 10 aldiz biderkatu baitira, eguneko 22.000 deskarga eginez (azken hilabeteko batez bestekoa 2.000 deskargakoa zen eguneko). 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.