Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Covid-19 pasaportea baimentzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiari

A.S. | O.P. | EITB MEDIA

Gaueko aisialdiko establezimenduetan, kontzertu-aretoetan edo 50 lagunetik gorako edukiera duten ostalaritza-establezimenduetan 12 urtetik gorako pertsonei osasun baimena eskatzea aztertzen ari dira.

  • Pertsonak kaletik zehar

    Pertsonak kaletik zehar. EFEren artxiboko irudia

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan iragarri duenez, aste honetan bertan baimena eskatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari jarduera jakin batzuetan Covid-19 ziurtagiria eskatu ahal izateko.

Aurreratu dutenez, 12 urtetik gorako pertsonei baimena eskatzea aztertzen ari dira, gaueko aisialdiko establezimenduetan, musika- eta dantza-jarduerak egiten diren establezimendu edo lekuetan, edo 50 mahaikide baino gehiagorentzako edukiera duten pertsona-talde handiak aldi berean egon daitezkeen jatetxeetan.

Zure interesekoa izan daiteke: Nola eskatu covid pasaportea

Sagarduik azaldu duenez, birusa transmititzeko arriskua "oso nabarmen" areagotzen duten baldintzak daudelako hautatu dituzte leku horiek, hala nola, "elikagaiak edo edariak kontsumitzeko maskara kentzea, ahotsa altxatzera behartzen duen zarata, eta, ondorioz, aerosolak gehitzea; zutik egotea, eta, beraz, zirkulazio handiagoa izatea eta neurriak lasaitzea". Arrazoi horiei gehitu behar zaie, "espazio itxiak izanik, toki horiek behar bezala aireztatzeko zailtasuna. 

Zure interesekoa izan daiteke: Zein erkidegotan ezarri dute covid pasaportea?

Sailburuak zehaztu duenez, neurri hori aplikatu ahal izateko beharrezkoa da epailearen baimena. Gaineratu duenez, "dagoeneko hainbat erkidegok eskatu diote Espainiako Gobernuari lege-esparrua ezar dezala, modu orokorrean aplikatu ahal izateko osasun baimena, Europako beste leku batzuetan egin den bezala".

Prebentzio neurri berriak

Osasun Sailak neurri berriak iragarri ditu gaur helburua izanik 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia duten udalerrietan jende-pilaketak saihestea. Aurreko neurriaren osagarria da, eta, beraz, indarrean jarraituko dute urriaren 6an onartutako neurriek.

Jarraibide berriak, beraz, ez dira soilik 400 kasutik gorako intzidentzia duten zortzi udalerrietan, aurreikusten zen bezala, 150 kasutik gorako tasa duten udalerri guztietan baizik.

Osasun Sailak, bestetik, 150 kasutik gorako intzidentzia tasa duten herrietako udalei gomendatu die "bertan behera utzi edo aldi baterako atzeratu" ditzatela jende pilaketak aurreikus daitekzeen ekitaldiak, jan-edana, eta beraz maskara kentzea, dakarten jarduerak, bereziki. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.