Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Covid-19aren aurka Ronapreve eta Regkirona botikak erabiltzea gomendatu du Sendagaien Europako Agentziak

AGENTZIAK | EITB Media

Antigorputz monoklonaletan oinarritutako sendagaiak dira, eta infekzioaren lehen faseetan erabili ahalko dira.

  • Remdesivir, covid-19aren aurkako botika

    Remdesivir, covid-19aren aurkako botika. Artxiboko argazkia: EFE

Covid-19a duten 12 urtetik gorako gaixoei Ronapreve eta Regkirona botikak ematea gomendatu du Sendagaien Europako Agentziak. Biak ala biak antigorputz monoklonaletan oinarritutako sendagaiak dira, eta infekzioaren lehen faseetan erabili ahalko dira. 

Ronapreve botika hartzeko, gutxienez 40 kiloko pisua izan beharko dute gaixoek, betiere, oxigenoaren laguntzarik behar ez badute. Sendagaien Europako Agentziaren arabera, egokia da gaitza larriagotzeko arriskuan daudenentzat.

Regkirona, berriz, koronabirusa duten eta oxigenoaren laguntzarik behar ez duten helduentzat baino ez da. Bereziki gaitza larriagotzeko arriskua dutenentzat omen da egokia.

Antigorputz monoklonalak helburu zehatz bati atxikitzen zaizkion proteinak dira. Kasu honetan, koronabirusak giza zeluletara sartzeko baliatzen duen proteinari atxikitzen zaizkio.

Hainbat ikerketak ondorioztatu dutenez, bi sendagaiek ospitaleratzeak eta heriotzak murrizten dituzte. Ronaprevek, ostera, covid-19arekin gaixotzeko arriskua gutxitzen omen die positibo batekin bizi direnei.

Hurrengo urratsa Sendagaien Europako Agentziak Ronapreve eta Regkirona botiken inguruko bere iritzia Europako Batzordeari bidaltzea izango da, Batzordeak horien erabilera baimendu dezan.

2020ko ekainean Remdesivir sendagaia merkaturatzeko gomendioa eman zuenetik, Sendagaien Europako Agentziaren onespena jaso duten koronabirusaren aurkako lehen bi sendagaiak dira Ronapreve eta Regkirona.