Gizartea
KORONABIRUSA
Sagarduik berretsi du neurriak bete behar direla "bihar ospatu ahal izateko"
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, "kutsatze asko" daude oraindik, eta "ospitaleetan eragina izateko arriskua handitzen ari da".
Gabonak ate joka ditugula, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatu ditu berriro ere, eta ondorengo aste eta hilabeteetan datozkigun egun esanguratsuen aurrean adierazi du gaur bertan jarri behar dugula martxan "bihar ospatu ahal izateko", "hori baita guztiok nahi duguna". "Goranzko joera hori irauli behar dugu", gaineratu du.
Gobernu kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, sailburuak esan du "kutsatze asko" daudela oraindik, eta ohartarazi du horrek "ospitaleetan eragina izateko arriskua" handitzen duela. Iaz edo duela hilabete batzuk baino "hobeto" gaudela gogorarazi du, baina "hobeto" egon gaitezkeela azaldu du.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren asteroko azken buletin epidemiologikoaren arabera, Euskadiko intzidentzia-tasa metatuak 100 puntuko muga gainditu du, 100.000 biztanleko 109koa baita. Gainera, Gipuzkoa da zerrendaburu, 174,33 kasuko intzidentzia metatuarekin.
Zentzu horretan, oraindik "kutsatze asko" daudela onartu badu ere, horrek osasun sistemari eragin bai, baina, oraingoz, ospitaleetan ez duela eraginik izan esan du.
Hala ere, proba diagnostikoak egiteko beharra areagotzen ari dela azpimarratu du, eta kasu positiboen jarraipena egiten eta aztarnarien lana indartzen ari direla erantsi. "Ospitaleetan eragina izateko arriskua handitzen ari da", jakinarazi du.
Sagarduiren iritziz, "argi dago txertoaren eragina"; izan ere, aurreko etapekin alderatuta, hori izan da "aldea markatu duena". Bere iritziz, nabarmentzekoa da Euskadiko xede-populazioaren % 90ek baino gehiagok pauta osoa duela koronabirusari aurre egiteko borrokan.
Txertoa hartu ez duen pertsona batek "ospitaleratuta amaitzeko lau aldiz aukera gehiago" ditu, horren esanetan, eta, hori dela eta, hitzordua eskatzeko deia egin die berriro ere txertoa jarri ez dutenei.
Gabonak eta azokak
"Aurrera begiratzeko unea da", Sagarduiren hitzetan, ospakizun egunak hurbiltzen ari direlako eta "guztiok ospatu nahi ditugulako". "Neurriak daude eta badakigu zeintzuk diren, txertoa da birusa gainditzeko tresnarik onena, baina ez bakarra", azaldu du.
Gabonetan murrizketa gehiago egongo ote diren ez du aurreratu, baina litekeena da horrela izatea: izan ere, asteburu honetan sailburuak EITB Mediari egindako elkarrizketa batean esan duenez, Jaurlaritzak ez du baztertzen neurri murriztaileak hartzea egoerak okerrera egiten jarraitzen badu.
Iñigo Urkullu lehendakariak ere "zuhurtzia" eta "erantzukizuna" eskatu die herritarrei asteon, covid-19aren aurrean prebentzio neurriak mantentzeko, "neurri murriztaile gehiago hartu beharrik ez izateko".
Txertaketa
Bestalde, Osakidetza errefortzu dosirako hitzordua ematen hasi zaie Janssen etxearen txertoa jaso zutenei. Bigarren dosia, ordea, Modernarena edo Pfizerrena emango diete. Zehazki, Modernaren kasuan, dosia 0,25 mililitrokoa izango da dosia (jarri ohi denaren erdia), eta Pfizerrenean, 0,3 mililitrokoa (ohikoa).