Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Jaurlaritzak ez du baztertzen Gabonetan neurri murriztaile gehiago ezartzea egoerak okerrera eginez gero

eitb media

Sagarduik jakinarazi du egunero 200dik gora COVID-19 kasu atzematen ari direla. Bestalde, iragarri du Osasun Saila astelehen honetan hasiko dela Janssenen txertoa jaso dutenekin harremanetan jartzen beste dosi bat emateko.

3:52
ORMAZABAL SAGARDUI

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du "kutsatze kopuruan gorakada bat" izaten ari dela, eta azken astean 200dik gora COVID-19 kasu atzeman dituztela egunero: "Asko". Horregatik, esan du ez duela baztertzen Gabonetan neurri murriztaile gehiago ezartzea egoerak okerrera eginez gero.

ETBn egindako elkarrizketa batean, Osasun sailburuak pandemiaren egoeraz hitz egin du, eta iragarri du astelehen onetatik aurrera Osakidetza harremanetan jarriko dela Janssenen COVID-19aren aurkako txertoa hartu zutenekin beste dosi bat jaso dezaten.

EAEko ZIUetan koronabirusarekin 27 pertsona daudela zehaztu ostean, aitortu du arreta sistemaren egoera "hobea" dela duela hilabete batzuen aldean.

Sagarduiren esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren 10etik 9k jaso dute txertoa, eta jaso ez dutenek jaso dutenek baino lau aldiz aukera gehiago dute gaixotasunarekin ospitaleratuak izateko.

Beste osasun larrialdi egoera bat ezartzeko aukeraz galdetuta, Sagarduik esan du posible dela "txertoak ematen duen babesetik ihes egiten duen" birusaren beste aldaera bat agertuko balitz. Era berean, ohartarazi du herritarren portaera batzuk erraztu egiten dutela birusaren zabalkundea.

Osasun zentroetan aurrez aurreko arretaren itzulerari buruz, aitortu du pandemiaren joeraren araberakoa izango dela. "Aurrerapausoak ematen ari gara berreskuratzeko. Astelehenetik aurrera Janssenen monodosia jaso zuten pertsonak berriro txertatzen hasiko gara. Herritar horiekin harremanetan jartzeko modua antolatu eta ezarriko dugu hitzordua jaso ahal izan dezaten", iragarri du.

Eskoletan atzemandako agerraldi berrien harira, esan du 25 ikasgela daudela itxita gaur egun EAEn, eta duela urtebete 150 zirela. Dena den, onartu du 12 urtetik beherakoak direla zaurgarrienak gaur egun.

Azkenik, Eguberriak gerturatzen ari direla eta, oso garai soziala eta familiarra dela esan du, baina "goranzko joera eten" beharra dagoela esfortzu bat eginez.