Gizartea
ARAZO INFORMATIKOAK
Laboral Kutxaren online banka eta Bizum zerbitzuak berriro erabilgarri
EITB MEDIA
Laboral Kutxako erabiltzaileek ezin izan dituzte diru mugimenduak egin online bankaren bidez gaur goizean, pare bat orduz. 12:00ak pasatxo, konpondu da arazoa.
-
Akatsaren berri ematen duen mezua. Argazkia: EITB Media
Arazoak izan dituzte Laboral Kutxako erabiltzaileek diru mugimenduak eta/edo Bizum bidezko eragiketak egiteko online bankaren bidez gaur goizean.
Horrelako eragiketaren bat egin nahi izanez gero, "Login akatsa. Erabiltzailea edo gakoa ez da zuzena, hirutan huts eginez gero, Online Bankako sarbidea blokeatu egingo da. Sarbide-datuak gogoratzen ez badituzu, eska itzazu bulegoan" zioen mezua agertzen zitzaion erabiltzaileari.
Kezka sortu du egoerak erabiltzaileen artean, eta hamaika mezu idatzi dituzte sare sozialetan, gertatzen ari zenaren inguruan azalpen eske.
Laboral Kutxako prentsa zerbitzuarekin harremanetan jarrita, arazoa konpondu dela baieztatu dute. EITB Mediari azaldu diotenez, barne segurtasunerako egin ohi duten backup prozesuan akats tekniko bat izan dute eta horrek eragin du zerbitzua bi ordu inguruz etenda egotea.