Gizartea
streaming plataformak
Pantailak Euskaraz ekimena aurkeztuko dute astelehen honetan Eusko Legebitzarrean
eitb media
Euskarak ikus-entzunezkoetan eta 'streaming' bidezko plataformetan duen presentzia izango dute mintzagai, eta bilera zuzenean jarraitzeko aukera izango da.
-
Pantailak Euskaraz ekimenaren aurkezpena, 2021eko ekainean. Artxiboko argazkia: Pantailak Euskaraz
Pantailak Euskaraz ekimena aurkeztuko dute astelehen honetan, 16:00etatik aurrera, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordearen bileran. Eusko Legebiltzarreko streaming zerbitzuaren bidez jarraitu ahal izango da.
2021eko ekainean sortu zen Pantailak Euskaraz mugimendua, euskarak ikus-entzunezkoetan duen "egoera larriarekin" kezkatuta zeuden hainbat herri ekimen eta eragilek bat eginda: Disney+euskaraz, Netflix euskaraz, Zinemak euskaraz, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, Tinko Euskara elkartea eta Game Erauntsia elkartea.
Abiatutako kanpaina ezberdinen artean, ia 30.000 sinadura bildu dituzte streaming plataformak, zinemak, eta Twitch sortzaile plataforma euskaraz egon daitezen eskatuz, eta aldarrikapen taula bat ere kaleratu dute, hurrengo eskaerekin:
1) Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea
2) EITB indartzea eta euskararen normalkuntzarako tresna bihurtzea
3) Euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea
4) Streaming plataformetan euskararen presentzia legez bermatzea
5) Zinemaren lege propioak sortzea
6) Bideojokoetan eta sortzaile plataformetan, euskararen presentzia bermatu eta sustatzea
7) Ikus-entzunezkoen lege propioak sortzea
8) Ikus-entzunezkoen Kontseilu propioa sortzea, lurralde-administrazio bakoitzean
9) Espainiar eta Frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea
10) Koordinazio-organoa sortzea, hiru lurralde administrazioetako ordezkariz osatua.
[ALDARRIKAPEN TAULA] Hau da Pantailak Euskarazen aldarrikapen taula. Tresna ireki bat da; orain, EHko eragileekin parketatu, osatu eta kontsentsu handi bat izango den EUSKARAZKO IKUS-ENTZUNEZKOEN ALDEKO MANIFESTUA adostea izango da gure helburua! https://t.co/lYx65UsdRo pic.twitter.com/EgtB59aOBk
— Pantailak Euskaraz (@PantailakEus) June 12, 2021
Gizartearen eskari hauek bete daitezela eta euskaldunen eskubideak bermatu daitezen urratsak emateko eskaera luzatu diete, era berean, erakunde eta ordezkari publikoei, eta bihar eskakizun horiek eramango dituzte Legebiltzarrera.