Itxi

Gizartea

NEGUKO BIDEZAINTZA PLANA

Euskadik elurra kentzeko 201 makina eta zazpi garabi prest ditu, negurako

N. B. | EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzaren Neguko Bidezaintza Planaren baitan, 27.400 tona gatz eta 760.000 litro gatzun prest ditu Eusko Jaurlaritzak. Plana bost aldiz aktibatu zen joan den neguan, azken urteetako kopururik txikiena.

  • Elurra kentzeko makina bat Opakuan

    Elurra kentzeko makina bat Opakuan. Artxiboko argazkia: Sheyla Perez

Eusko Jaurlaritzaren 2021-22ko Neguko Bidezaintza Planaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak prest ditu elurra kentzeko 201 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko gai diren zazpi garabi astun eta koordinazio eta zaintza lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu.

Aipaturiko baliabide horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin osatu ahal izango da.

2021-2022ko negurako 27.400 tona gatz eta 760.000 litro gatzun ere prest ditu Jaurlaritzak

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendariak gaur goizean aurkeztu du 2021-22ko Neguko Bidezaintza Plana Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egin den bileran, eta bertan foru-aldundien, autobideen, Ertzaintzaren, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zerbitzuaren eta Gobernu zentralaren ordezkariek parte hartu dute.

Azken urteetako neguko bidezaintza planetan aurreikusi zen moduan, partzialki aktibatu ahal izango da, elur-mailaren eta prezipitazio kopuruaren arabera. Horrela, adierazitako planaren jarraipen eta informazio fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora iristen denean eta prezipitazio kopuruak horrela egitea aholkatzen duenean.

Iazko neguan bost aldiz aktibatu zen

2020-2021 neguan planaren azken urteetako aktibazio-kopuru txikiena erregistratu zen. Jarraipen- eta informazio-fasea bost aldiz aktibatu zen, 2019-2020ko ekitaldian baino behin gutxiago. Fase operatiboa, berriz, bi aldiz aktibatu zen 2020-2021eko neguan, aurreko bi neguetan bezala. Nabarmendu behar da 2017-2018ko neguan guztira 17 aktibazio erregistratu zirela, eta horietako 10etan fase operatiboa aktibatu behar izan zela.