Itxi

Gizartea

MIGRAZIOA

Gizon bat atxilotu dute Irunen, autoarekin pertsona migratzaileak mugaz bestalde eramaten saiatzeagatik

O. A. | EITB Media

Gidariaz gain, bi emakume eta lau adin txikiko zihoazen Guardia Zibilak mugatik gertu atzemandako ibilgailuan.

  • Guardia Zibilaren kontrola mugatik gertu

    Guardia Zibilaren kontrola mugatik gertu. Argazkia: Guardia Zibila

Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du berriki Irunen, autoarekin sei pertsona migratzaile (bi emakume eta lau adin txikiko) mugaz bestalde eramaten ahalegintzeagatik. Atxilotua epailearen esku utzi dute pertsona atzerritarren eskubideen aurkako delitua egotzita. Pertsona migratzaileak, ostera, aske utzi dituzte atzerritarrak izateagatik egin beharreko tramiteak burutu ostean.

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, Guardia Zibilak Irungo mugatik gertu jarritako operatibo batean atzeman zuten ustezko delitugilea. Lehenik eta behin, agenteak ohartu ziren sei pertsonako talde bat errepide ondoko gune batean ezkutatuta zegoela.

Ondoren, guardia zibilak konturatu ziren ibilgailu bat inguruan itzuliak ematen ari zela. Gerora, ibilgailua pertsonak ezkutatuta zeuden ingurura gerturatu zen eta denbora batez bertan egon zen, geldirik. Tarte horretan, gidaria barruan egon zen.

Azkenean ibilgailua migratzaileen ondoraino mugitu zen eta sei pertsona autora igo ziren. Guardia Zibilak mugatik gertu atzeman zuen ibilgailua eta antzeko delituengatik aurrekariak zituen gidaria atxilotu zuen.