Itxi

Gizartea

ASIER NIEBLA

Asier Nieblaren kasuan genero astungarria aplikatzea eskatu du Auzitegi Goreneko Fiskaltzak

EFE | EITB Media

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian auzia epaitu zuen epaimahaiak onartu egin zuen genero astungarria, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baztertu egin zuen gero. Epai berrian larrigarri hori aintzat hartzeko eskatu dio Goreneko Fiskaltzak Auzitegi Gorenari.

  • Asier Nieblaren hilketa argitzeko epaiketa Gipuzkoako Lurralde Auzitegian

    Asier Nieblaren hilketa argitzeko epaiketa Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Artxiboko argazkia: EFE

Asier Nieblaren kasuan genero astungarria aplika dezala eskatu dio Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Auzitegi Gorenari. Ministerio Publikoaren arabera, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian auzia epaitu zuen herri epaimahaiak "zuzen" aplikatu zuen genero astungarria, nahiz eta gerora Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baztertu eta Urnietako gaztea hiltzeagatik akusatutako gizonari zigorra 11 urte eta erdira jaitsi.

Defentsak, akusazio partikularrak (Asier Nieblaren familia) eta herri akusazioak (Urnietako Udala) aurkeztutako helegiteen gainean erabaki behar du Auzitegi Gorenak, eta larrigarri hori aintzat hartzeko eskatu dio Ministerio Publikoak.

Asier Niebla 2018an hil zen Donostian, emakume batekin hitz egiten ari zela emakume haren bikotekide ohiak kolpatu ostean. Kolpeek eragindako zauri larrien ondorioz zendu zen, kolpeak hartu eta bi hilabetera, Donostia Ospitalean.

EFE albiste agentziaren arabera, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak baztertu egin du akusazioek eskatzen zuten maltzurkeria astungarria.

Ministerio Publikoak argudiatu duenez, Asier Niebla harreman afektibo bat abiatzen ari zen emakumearekin, eta akusatuak ez zuen onartu bikote harremana hautsi izana. Fiskaltzaren esanetan, harremanaren hausturak eragin zuen gertakaria.

Hasiera batean, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak 12 urte eta 11 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion akusatuari, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak genero astungarria erretiratu eta zigorra 11 urte eta erdira jaitsi zion.