Gizartea
Gabonak
Donostiak azaroaren 26an piztuko ditu Gabonetako argiak
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Gabonetako argien inbertsioa 410.000 eurokoa da, 2019an baino % 4 gehiago eta 2020an baino ia bi aldiz gehiago. Udalak adierazi du "ahalegin handia" egin dutela merkataritza eta ostalaritza suspertzen laguntzeko.
-
Gabonetako argiztapena Donostian. Argazkia: Donostiako Udala.
Donostiako Udalak azaroaren 26an piztuko ditu Gabonetako argiak. Zenbait kaletan, jada, duela aste batzuetatik daude jarrita. Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziak esan duenez, "egun hauetan, kaleetan egiaztatu da apaingarri eta argi-arku asko jarrita daudela, eta datozen asteetan lan hori errematatu egingo da".
Garmendiak adierazi duenez, "aurten ahalegin handia egin dugu Gabonetako argiztapena hobetzeko, pandemiaren ondoren normaltasun apur batean ospatzen ditugun lehenak garelako, eta horrekin merkataritza eta ostalaritza suspertzen lagundu nahi dugulako, batez ere osasun-krisiak eragindako mugak pairatu dituztelako". Zinegotziaren esanetan, "jendea Donostiara eguberriez gozatzera etortzea nahi dugu, egun hauetan ere oporretako helmuga izateko".
Nobedadeen artean, Zurriolako zubiko farolen argiztapena, Alde Zaharreko edo Loiola kaleko hainbat kaletako argien sabaiak, Easo Plazako argien pergola, Konstituzio Plazako liburutegiaren eraikinaren argiztapena, Antso Jakitunaren hiribideko zuhaitzetan jarriko diren argiak, Alderdi Ederreko eta Katalunia Plazako gabonetako bola, Pio XIIko Plaza eta Maria Cristina hotelaren fatxadan eta beste elementu batzuk.
Gabonetako argien inbertsioa 410.000 eurokoa da, 2019an baino % 4 gehiago eta 2020an baino ia bi aldiz gehiago, urte horretan pandemia bete-betean ospatu baitzen Gabonak. Donostiako Sustapenak Donostia Shops plataformaren laguntza ekonomikoa du hiria girotzeko eta argiztatzeko.
Atrakzioei dagokienez, 36 metroko noria Alderdi Ederrera itzuliko da, karrousel izei bat Cervantes plazan jarriko da eta noria txikiago bat autobus geltokian jarriko da, Gabonetako azokaren ondoan.