Itxi

Gizartea

HONDAKINEN KUDEAKETA

Eusko Jaurlaritzak % 15era murriztu nahi ditu zabortegira doazen hondakinak 2030. urterako

O. A. | EITB Media

Gobernu bilerak Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Plana (2030 HPKP) onartu du eta horren baitan 97 milioi euroko inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzak.

1:21
EAEko zabortegien inguruko datuak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Eusko Jaurlaritzak Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Plana (2030 HPKP) onartu du gaurko gobernu bileran, hurrengo hamarkadan alor horretan jarraitu beharrkeo estrategia markatuko duena. Guztira, 97 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du Jaurlaritzak. 2030erako aurreikusitako helburuen artean daude, besteak beste, hondakin ez arriskutsuen % 85 bigarren mailako baliabide bihurtzea, birziklatu ezin diren eta zabortegira doazen hondakinak % 15 baino gutxiagora murriztea, orokorrean sortzen diren hondakinak % 30 gutxitzea eta hiri hondakinen gaikako bilketa % 85era arte areagotzea.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eman ditu planari buruzko xehetasunak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan.

Aipaturiko planak hainbat ekintza aurreikusten ditu ekonomia zirkularra, gardentasuna eta trazabilitatea bultzatzeko eta klima aldaketaren eragina gutxitzeko. Tapia sailburuak horietako batzuk nabarmendu ditu: isurtzeak gutxitzeko eta hondakinen berrerabilpena sustatzeko inbertsioak egitea, 2030era arte Euskadiko isurpenaren autosufizientzia bermatzea, hondakinen gaiari lotuta lege arloan aurrerapausoak ematea, isurpenak edo errausketak egiteagatik kanona ezartzea, ikuskaritzak eta isunak areagotzea hondakinak kudeatzeko instalazioek egoki funtzionatzen dutela bermatzeko, lurren eta bigarren mailako beste lehengai batzuk biltegiratzeko soluzio bat garatzea, hondakin plastikoetarako behin betiko irtenbideak aurkitzea, lehentasunezko hondakinetatik datozen bigarren mailako materialen erosketa publiko eta pribatu berdea sustatzea, ontzien berrerabileraren eta birziklapenaren prebentzioan eta sustapenean lan egitea, eta azkenik egiturazko fibrozementu suntsitua biltzeko eta kudeatzeko plana burutzea.

Tapiak azaldu duenez, plan hori egiteko parte-hartze prozesuan 182 alegazio jaso dituzte eta horietatik 89 (% 49) osorik edo partzialki onartu dituzte. 

Paperaren industriako hondakinak tratatzeko planta Bergaran

Zaldibarko zabortegiko hondamendiaren eta Mutiloako eta Larrabetzuko zabortegiak itxi ondoren, oraindik irekita dauden hamar zentroek 4.000.000 m3 hondakin ez-arriskutsuak gordetzeko ahalmena izango dute datorren hamarkadan. Ez da nahikoa izango, ordea. Izan ere, 2030era arte 7.500.000 m3 isuriko direla aurreikusten da.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritza industria hondakinak tratatzeko 10 proiektu edo planta eraikitzeko aukera aztertzen ari da.

Tapiaren esanetan, Bergarakoa da guztietan aurreratuen dagoen proiektua. Bergaran paperaren industriako hondakinak tratatzeko planta bat aurreikusi dute. Proiektua nahiko aurreratuta omen dago eta Europar Batasunaren oniritzia ere omen du.