Itxi

Gizartea

larrialdi klimatikoa

Hiru migratzaile klimatikotik bat umea da, Save the Children erakundeak ohartarazi duenez

agentziak | eitb media

2020an, hamar milioi ziren lekualdatutako adingabeak, eta beste asko gune arriskutsuetan gelditzen dira "harrapatuta". Glasgown izatekoa den COP26 goi-bileraren testuinguruan argitaratutako txosten baten ondorioa da.

  • Hamar milioi umek euren etxeak utzi zituzten 2020an. Artxiboko argazkia: Unicef

    Hamar milioi umek euren etxeak utzi zituzten 2020an. Artxiboko argazkia: Unicef

Klimak eragindako hondamendiak direla eta euren etxeak uzten dituzten hiru pertsonatik bat umeak da. Hamar milioi adingabe lekualdatu ziren 2020an, eta beste asko arrisku-guneetan "harrapatuta" daude. Hala ohartarazi du Save the Children erakundeak.

Tenperaturak areagotzea, itsas-mailaren igoera eta lurraren degradazioa izaten dira, besteak beste, klima aldaketak eragindako migrazioaren kausetako batzuk. "Errealitatea da jada, eta okerrera egingo du: 30 milioi pertsonak euren etxeak utzi dituzte 2020an, klimarekin lotutako hondamendiak direla eta". Gatazkengatik eta indarkeriagatik lekualdatutakoak "hiru aldiz" biderkatzen ditu zifra horrek.

Glasgown izatekoa den COP26 goi-bileraren testuinguruan argitaratu dute txostena, eta etorkizuna markatuko duten zenbait joera seinalatu ditu. Bilakaera geldoko lehorteen eraginpeko pertsonek bat-bateko ekaitzen eraginpekoak "bikoiztuko dituzte", eta "litekeena da" muturreko tenperaturek, itsas-mailaren igoerak eta laborantza-lurren gatzitzeak eragindako migrazioa "behin betikoa" izatea.

Txostenak azpimarratutako beste faktoreetako bat da migratzaile horien ehuneko handi bat arrisku klimatiko berdineko edo handiagoko eremuetara joaten dela.

Ikerketak arrisku klimatiko handiko inguruetan (Fiji, Irak, Mali, Mozambike eta Peru) bizi diren 230 umeren elkarrizketak jaso ditu, eta horietako batzuek klima aldaketa dela eta migratu dute. Testigantza horien ondorioetako bat da klima aldaketak eragin "suntsitzailea" izan duela euren bizitzetan, kasu askotan ihes egitera behartu dituena.

Mundu osoan, mila milioi umetik gora bizi dira uholde arrisku handiko eremuetan, lehorte larrikoetan edo beste mehatxu klimatikoen pean daudenetan, eta horrek arriskuan ipintzen ditu euren bizitzak.

Krisi klimatikoaren efektuek pobrezia-mailaren igoera dakarte, eta pobrezia horrek arrisku handiko guneetan "harrapatuta" uzten ditu umeak; otorduak saltatzera, eskolara ez joatera edo lan egitera behartuz.

Migrazioek gora

Testuinguru horretan, Steve Morgan Save the Children erakundeko Migrazio eta Lekualdatze Ekimenaren zuzendariak ohartarazi du krisiaren eskala "erraldoia" dela, eta "azkar" hazten ari dela. "Berandu baino lehen gelditu behar dugun ekaitz perfektua da".

"Lehen, klima aldaketak lekualdaketa laburrak eragiten zituen, eta familiak zikloia edo uholdea amaitutakoan itzultzen ziren. Orain, hondamendi naturalen maiztasuna eta degradazio geldoa direla eta, gero eta behin betiko migrazio gehiago ikusten ari gara, itzuli nahi ez duten edo ezin duten umeekin". Morganek azpimarratu duenez, "ezin izango dute inoiz euren etxeetara itzuli".

Salatu du egungo erantzunak ez direla migrazio-krisi horri aurre egiteko "iraunkorrak ez egokiak". Halaber, nabarmendu du lekualdaketen inguruko politika nazional gehienek ez dutela klima faktore eragile gisa ikusten, eta "hori aldatu beharra dago".

Erakundeak gobernuei eta sektore humanitarioari eskatu die migrazioarekin lotutako programetan esperientzia klimatikoa jasotzeko; baita migrazio klimatikoaren eraginpeko umeen eskubide eta beharrei lehentasuna emateko ere, klima aldaketak umeengan duen eraginari era integralean heltzea bermatuz.