Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Osasun Ministerioak eta erkidegoek kirol ekitaldien neurri murriztaileak aztertuko dituzte

Agentziak | EITB MEDIA

Gaur-gaurkoz, harmailak beteta jokatu ahal dira partidak aire zabaleko estadioetan, eta % 80ko edukierarekin, azpiegitura itxietan.

  • Bilbao Arenak % 80ko edukiera du, gaur-gaurkoz.

    Bilbao Arenak % 80ko edukiera du, gaur-gaurkoz. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek kirol ekitaldi handietarako ezarritako murrizketak aztertuko dituzte arratsaldean. Edukierari dagokionez, % 100ekoa da aire zabaleko estadioetan eta % 80koa azpiegitura itxietan.

16:00etan egingo du bilera Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak, eta honako gaiak izango ditu mahai gainean: pandemiaren bilakaera, txertaketa kanpaina (Janssen etxearen dosi bakarrekoarekin immunizatutakoek errefortzuzkoa jasotzea barne), erreferentziazko unitate, zerbitzu eta zentroen deialdi berria eta kirol ekitaldien edukien ingurukoa.

Duela hilabete, 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 60 kasutan zegoenean, Ministerioak eta erkidegoek (Eusko Jaurlaritza abstenitu egin zen) futbol zelaietako edukiera % 100ekoa izatea adostu zuten, eta saskibaloi kantxena, % 80koa. Neurriok igandera arte egongo dira indarrean.

Horrez gain, harmailetan ezin da jan eta edan (ura salbu), ezta erre ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.