Itxi

Gizartea

Osasuna

Hasi da gripearen aurkako txertaketa Nafarroan, covidaren aurkako hirugarrenarekin batera

agentziak | eitb media

70 urtetik gorakoek bi txertoak batera jasotzeko aukera izango dute. Euskal Autonomia Erkidegoan urriaren 18an abiatu zen kanpaina, arrisku-taldeekin.

  • 70 urtetik gorakoek covidaren eta gripearen aurkako txertoak batera jasoko dituzte. Argazkia: EFE

    70 urtetik gorakoek covidaren eta gripearen aurkako txertoak batera jasoko dituzte. Argazkia: EFE

Osasunbideak gaur abiatu du gripearen aurkako txertaketa-kanpaina Nafarroan. Covid-19aren aurkako errefortzuzko dosi batekin osatuko dute 70 urtetik gorako pertsonen eta arrisku handiko biztanleriaren kasuetan.

Hitzordua hartzeko prozesua egunotan hasi da. 60 urtetik gorako biztanleriari SMSak bidali dizkiote, aukeran dituen bideen (telefono bidez, webgunean zein posta elektronikoa erabilita) bitartez ordua har dezan.

Egoitzetako egoiliarrak eta arrisku taldeetako pertsonak (transplanteagatik immunodepresibo larriak, zenbait paziente onkologiko, hemodialisian dauden giltzurruneko gaixoak, edo Down sindromea duten 40 urtetik gorako pertsonak, besteak beste) izan ziren covidaren aurkako hirugarren txertoa haste lehendabizikoak. Gaurtik, 70 urtetik gorakoekin hasiko dira.

Bi txertoak batera aldi berean jarri behar zaizkien pertsonei, covid-19aren aurkako txertoa ezkerreko besoan emango zaie, eta eskuinekoan, gripearen aurkakoa.

Aurten, kanpainak gripearen aurkako txertaketaren estaldura areagotu nahi du zenbait taldetan. Horiek dira 60 eta 64 urte arteko pertsonak, gizarte- eta osasun-langileak, edo aurreko kanpainan estaldura urria izan zuten eremuak.

Era berean, Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak gripearen aurkako txertoa hartzea gomendatu die ondorengo taldeei ere:

- Gripetik eratorritako arazoak izateko arriskua duten 60 urtetik beherako pertsonak

- Gaixotasun kardiobaskularrak, neurologikoak edo arnas aparatuarekin lotutako gaixotasun kronikoak dituzten adin txikikoak (6 hilabetetik aurrera) eta helduak

- Haurdun dauden emakumeak, haurdunaldiko edozein hiruhilekotan eta puerperioan

- Aldizkako jarraipen medikoa behar duten pertsonak edo azken urtean ospitaleratuta egon direnak

- Arrisku handiko pertsonei gripea kutsatu diezaieketen pertsonak

- Erakunde geriatrikoetan zein gaixo kronikoen arretarako zentroetan lan egiten dutenak, pertsona zaurgarriekin etengabeko kontaktua dutenak bereziki

- Osasun-zentro, zerbitzu eta establezimenduetako langileak

- Segurtasun-indarrak, udalerri-, autonomia- zein Estatu-mailakoak

Euskal Autonomia Erkidegoan, Osakidetzak urriaren 18an abiatu zuen gripearen aurkako kanpaina arrisku-taldeekin.