Gizartea
Koronabirusa
Espainiako Txertoen Lantaldeak errefortzu dosia ematea proposatuko du Janssenekin txertatutakoei
O.P. | Eitb Media
Osasun Publikoaren Batzordeari proposatuko dio Pfizer edo Modernaren dosia jartzea eta ontzat eman beharko du gero Lurraldearteko Osasun Kontseiluak. Hego Euskal Herrian 123.000 lagunek jaso dute Janssenen txertoa. EMAk ez du oraindik aukera honi buruzko ebazpenik eman.
Adituek osatutako Txertoen Lantaldeak, Osasun Publikoaren Batzordeari proposatuko dio espainiar estatuan Janssenen dosi bakarreko txertoa jaso zuten ia bi milioi pertsonei Pfizer edo Modernaren dosi indargarri bat ematea.
Osasun Publikoaren Batzordeari helarazi ondoren, Osasun Publikoaren Sistemaren Lurralde arteko Osasun Batzordeak (CISNS) onartu beharko du proposamena. Osasun Ministerioak eta autonomia-erkidegoek osatzen dute batzorde hori eta hurrengo bilera datorren asteazkenean izango da.
Txertoen Batzordearen gertuko iturriek jakinarazi dutenez, aspalditik zuten esku artean dosi indargarri hori ematearen aukera; izan ere, laborategi berak, dosi bakarreko txerto hori atera zuen unean, saiakuntza kliniko bat jarri zuen martxan, bigarren dosi batekin eraginkortasun immunitarioa handitzen ote zen ikertzeko.
Estatu Batuetako Elikagai eta Sendagaien Administrazioak (FDA, ingelesez) joan den asteazkenean eman zion oniritzia Moderna eta Johnson & Johnsonen (Janssen) covid-19aren aurkako dosi indargarriak emateari, baita txertoak nahasteko aukerari ere; dena den Sendagaien Europako Agentziak (EMA) ez du oraindik horren inguruko iritzirik eman.
EMAk atzo aurreratu zuenez, datorren astelehenean, urriak 25, emango du Modernaren txertoa (Spikevax) indartzeko txertaketari buruzko iritzia; horretarako, 12 urtetik gorako pertsonei bigarren dosia jarri eta sei hilabetera hirugarren dosi bat jarrita egin den saiakuntza baten emaitzak aurkeztuko ditu.
Halaber, "datozen asteetan" espero du EMAk Janssenen txertoa ekoizten duen Johnson & Johnson farmazialari estatubatuarraren eskutik, dosi bakarreko txerto hori gutxienez lehenengotik sei hilabetera emandako bigarren dosi batekin indartzearen inguruko datuak jasotzea.
Proposamena aurrera aterako balitz eta EMAk aldeko iritzia emango balu, Hego Euskal Herrian Janssenen txertoa jaso duten 123.000 lagunek (1,9 milioi estatu osoan) bigarren dosi bat jasoko lukete Pfizer eta Modernaren txertoekin, biak ere RNA mezulariarenak.
Duela gutxi, Osasuneko Lurralde arteko Osasun Batzordeak onartu zuen Pfizer eta Modernarekin oroitzapen-dosi bat ematea 70 urtetik gorako pertsonei eta immunitate txikia izateagatik arrisku handia duten kolektiboei, bai eta farmako immunodepresoreekin tratamendua jasotzen dutenei ere.
Adinekoen zentroetan instituzionalizatutako pertsonei ere errefortzu-dosiak eman zaizkie.