Gizartea
LA PALMAKO SUMENDIA
Bi koladak bat egin ondoren labak auzoa ez suntsitzea espero dute La Lagunako bizilagunek
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Kostaldera hurbiltzen ari den isurketaren ondorioz, Las Martelas (Los Llanos de Aridane), Marina Alta, Marina Baja, La Condesa eta Cuesta Zapata (Tazacorte) auzoetako bizilagunak etxetik irtenarazi dituzte gaur gauean.
Atzo herri-gunean sartu ziren bi laba koladen bilakaera arreta handiz jarraitzen ari dira La Laguna (Los Llanos de Aridane) auzoko bizilagunak. Gaur kolada bakarra osatu dute, eta urruntzeko norabidea hartzen ari dela ematen du.
Auzoa hustu zuten, eta azken orduetan labapean desagertzeko zorian izan da, duela aste batzuk Todoqueri gertatu bezala.
Jarduera-sismikoa zertxobait igo da azken orduetan La Palma uhartean, eta 38 lurrikara zenbatu dituzte gauerdiaz geroztik, Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) emandako datuen arabera. Gainera, Aridane eta Tazacorte udalerrietan, 50 bat etxebizitza husteko agindua eman dute, kostaldera hurbiltzen ari den isurketa dela eta.
Hain zuzen ere, Las Martelas auzoko (Los Llanos de Aridane) eta Marina Alta, Marina Baja, La Condesa eta Cuesta Zapata (Tazacorte) auzoetako bizilagunak etxetik irtenarazi dituzte gaur gauean. Gainera, atzo goizean, isurketa baten laba La Laguna auzoko (Los Llanos de Aridane) erdigunera iritsi zela ohartarazi zuten.
Orain arte, 7.000 pertsona baino gehiagok utzi behar izan dituzte euren etxeak erupzioak kaltetutako zonaldean, eta horiei itsasora iristear dagoen isurketaren bidean dauden auzoak gehitu behar zaizkie.
La Palmako Kabildoak jakitera eman duenez, Tazacortetik ebakuatutako bizilagunek eta El Remoko (Los Llanos de Aridane) eta Bombillakoek (Tazacorte eta Los Llanos artean), segurtasun perimetrotik kanpo daudenek, alegia, gaur egunean zehar etxera sartzeko aukera izango dute gauzak hartzera.
Gaur gauerdiaz geroztik, 38 lurrikara izan dira La Palma uhartean. Handiena, 4,3koa eta IV. intentsitatekoa, Villa de Mazon izan da, 37 kilometroko sakoneran, eta herritarrek sentitu dute. Horietako bederatzik 3. magnitudea gainditu dute, guztiak Fuencalon, 3,1 eta 3,7ko tartean.
Sumendiak guztira 866,1 hektarea estali ditu erupzioa hasi zenetik, eta 2.185 eraikin suntsitu ditu. Halaber, beste 76 eraikin mehatxupean daude, Copernicu satelite sistemak gaur gauerdian egin duen azken neurketaren arabera.
"Kanarietako herritarrak sumendiaren gainean bizi dira eta ebakuatzea beste biderik ez dago"
Carmen Romero La Lagunako Unibertsitateko Geografia Fisikoko irakasle titularrak nabarmendu duenez, Kanarietako bizilagunak sumendi baten gainean bizi dira, eta, zoritxarrez, ebakuazioa da sumendi-erupzio baten ondoren sortzen diren isurketen aurka dagoen babes bakarra.
Romeroren arabera, irailaren 19an La Palman piztu zen sumendiak orain arte uhartean sumendi batek eragin dituen kalte handienak sortu ditu, eta berretsi du Kanarietan bizi den sumendi-egoera ezin daitekela Etnakoarekin edo Vesubiokoarekin aldendu; Kanarietako artxipelagoan daudenak baino askoz handiagoak badira ere, sumendien goikaldean ez da inor bizi.